Emandako bigarren datua, ostera, aztoratzeko modukoa. Inkestatuen gehiengoak erantzun omen du prest daudela/gaudela gure eguneroko ohiturak aldatzeko, baldin eta aldatu beharreko horrek zailtasun handiegirik ekartzen ez baldin badigu.

Zertan gelditzen gara orduan, klima aldaketaren afera garrantzitsua dela, edo ez? Benetan daukagu barneratuta gure eguneroko bizitzan aldaketa sakonak egin behar ditugula klima aldaketa prozesua ez areagotzeko, edo ez? Eta hala bada, zeren zain gaude?

Bestalde, zertarako egiten dira inkestak? Herritarren iritzia jakiteko, herritarrak gai baten inguruan nola kokatzen diren ezagutzeko, herritarren kontzientzietan eragiteko, ala zirkin egitea zenbat kostatzen ari zaigun azaleratzeko? Niri kezka eta amorrua sentiarazi didate emaitzek eta, nago, inkestaren emaitzak jakitera eman dizkiguten komunikabideen helburua, bestelakoa zela.

Kontua ez baita Euskal Autonomia Erkidegoan %80a klima aldaketaren inguruan sentsibilizatuta gaudela jakitea, baizik eta ea klima aldaketaren gaineko politika aurrerakoiak abiatzeko eta berauek dakartzaten ohiturak eta gure eguneroko bizitza egiteko moduetan aldaketak txertatzeko konpromisoa hartzeko prest ote gauden edo ez jakitea, bai norbanako gisa eta bai gizarte bezala.

Eta nago, gai hauek, galdetu baino areago, erabakiak hartzea dagokienek aurreratu beharrekoak direla. Helburuak argiak direnean, ekintzek ere hala behar dute. Eta komunikazioak are eta sarkorragoa behar du izan, epelkeriak alde batera utzita.

Zer nolako herritarra da, bada, ohiturak aldatuko dituela esaten duena, baldin eta aldaketa zailegia ez bazaio? Umea balitz, koskorrekoa. Ez, ala?