ire amak esaten du bizitza ezin dugula hartu “beti benetan”. Bizitzarekin jolasean ikasi behar dela baita ere. Dena “beti benetan” hartuz gero, gure osasunaren kalterako dela. Malgutasuna behar dela hain ezegonkor eta aldakorra den bizitza honetan aurrera irteteko.

Ezagutzen ditut halako pertsona asko, dena “beti benetan” hartzen dutenak. Konturatu naiz normalean umorea ere falta izaten zaiela eta gauzak urrunetik eta perspektibaz ikusteko ahalmena baita ere. Horrela, askotan ikusi ditut putzu txikietan itotzen, hego haizerik gabe zoratzen. Zaila egiten zaie arazoak erlatibizatzen; eta bene-benetakoa izaten da sentitzen duten antsietatea eguneroko arazoen aurrean.

Halakoak diren pertsonen artean askok izaten dute beste ezaugarri bat: dena perfektua izan behar da haien inguruan, dena izan behar da beraiek pentsatu duten modukoa. Gauzak oker-tzen badira, gauzak beraiek espero bezala irteten ez badira, orduan biluzik geratzen dira, desarmaturik, eta haserretu egiten dira, bizitzak egin dien traizioa ezin jasanda.

Zapatak beti garbi eta ingurua beti ordenatuta nahi izaten dute. Baina ezin bidea egin zapatak zikindu gabe. Bizitza putzuz, zuloz, eta lokatzez betetako bide askoz osatua baitago. Ez dago bizi-tzerik okertu gabe, akatsak egin gabe...

Ordena izaten da haien obsesioa askotan, eta horregatik jartzen dira urduri jazz musikarekin, adibidez. Hurrengo nota zein izango den ez jakiteak urduri jartzen ditu, prebisio falta hori jasangaitza egiten zaie. Horietako askok ez dute jasaten, ezta, bukaera irekia duten ipuin, nobela edo pelikularik, dena ondo azalduta eta ondo borobilduta behar izaten baitute asetuak sentitzeko. Kostatu egiten zaie oinak lurretik pixka bat aldendu eta buruari hegan egiten uzten.

Ez dakite mundua kaos ordenatu bat dela, edo ordena kaotiko bat; dena dagoela etengabe mugi-tzen, aldatzen, eta azkenean bi edo hiru gauzari heltzea lortuz gero, bestea ez dela hain inportantea. Ezin dela “beti benetan” bizi. Hobe dela indarrak benetan behar denerako uztea.