ABONETAKOA gai agorrezina dirudi. Gabonez idazten dudan bigarren zutabea da hau eta oraindik azaroak ez ditu hogei egun (barkamena eskatzen dut apal-apal).

Gasteizko kaleetatik ibiltzen ari nintzela, ikusi nituen udalak jarri dizkigun argiak (oraindik piztu gabekoak, gaitz-erdi). Uste dut ez direla iaz ipini zituztenak (edo ez dut nik horrelakorik gogoratzen, behintzat), zeren aurtengoetan edonon agertu baitzaigu hartz zuri baten burua, edo hobe esan, aurpegia, hamaika kaletatik, mila lekutatik goitik begira-begira dagoena, aztoragarri samarra. Kontuan hartuta hartz zuria dela, klima larrialdiagatik, galtzeko arriskuan dugun animalia esanguratsuenetako bat, pentsakor gelditu naiz udalaren asmo ezkutuez. Agian udalaren nahia gu pentsaraztea da: hartz zuri horiek guztiak gure buruen gainean dantzan jartzea Glasgowko COP26 goi bilera egin bitartean gure udal berdearen mezu subliminala izan daiteke, herritarron pentsamendu kritikoa eta kontzientzia ekologikoa esnatzeko bide leun bezain tinkoa (gauza bitxiagoak egiten dituzte udalek).

Edo dena sinpleagoa izango da beharbada, gure munduaren beste inkoherentzia bat, beste bat gehiago, besterik ez. Izan ere, hartz zuriena ondo ezkontzen da gabonez dugun ideia ideal horrekin, iparralderago eramaten gaituena beti, izei eta elurren lurralde hotzetara. Hartz zuriak motibo bat dira, izarrak edo kandelak bezalakoa. Espeziea desagertu ondoren, hartz zuriak motibo izaten segituko du.

Ziur naiz, bestalde, udalak jarri dituen gabonetako argi horiek belarra baino berdeagoak direla, ziur naiz zero baino gutxiago kutsatzen dutela, ekologikoak direla, zero energia xahutzen dutela, zero metano, zero CO2 eta zero dena isurtzen dutela. Gutxienez, Gasteizko Udala ez dago sartuta oraindik udalen artean dagoen lehiaketa absurdo horretan, ea zeinek daukan gabonetako argi gehiago kaleetan, ea zeinek daukan zuhaitz altuena eta abar. Gaur baikorra izan nahi dut, ahalegin benetan itzela COP26 bileraren emaitzak irakurri eta gero.

Irrikan nago ikusteko nola gelditzen diren hartzak argiak piztuta.