ALLOWEEN delakoak bakea emango digu datorren urtera arte. Eskerrak. Urterik urtera koska bat gehiago errotzen da festa gurean, eta alferrikakoa da, barregarria eta apur bat patetikoa (barkatu), berrriro irakurtzea han eta hemen festaren jatorria zelta dela, uztaren ospakizun erromatarrekin lotuta dagoela, edo Euskal Herrian ere antzinatik kuiak hustu ondoren kandelak piztu direla barruan. Ez gaitezen engaina: Halloween gaur egun ikusten duguna da: mozorroak janztea (tankera batekoak batez ere) eta ateratzeko/edateko/mozkortzeko beste aukera bat. Besterik ez. Hilerriena dago, jakina, hildakoak gogoratu, hilobiak garbitu eta loreak eramatearena, baina utzidazue eszeptikoa izaten alde horrekin ere. Zera nagusia da azaroaren lehena jaieguna dela, eta, egutegia aldeko dugunean, zubi ederrak eraiki ahal ditugula turistarena egiteko eta turistak jasotzeko. Festaren jite neoliberala aipatzea pellokeria izango litzateke nire aldetik, eta ez diot gure hiri handi bateko alkate jaunari eguna hondatu nahi (kontrakoa dirudien arren, alkateak pertsona minberak dira).

Ni pasa den Halloween ditxosozkoan beldur izan naiz Arantxa Tapia sailburuarekin bakarrik; Tapia andrearentzat Tubacexeko grebak kalte egin dio herri osoaren izenari, ospeari, erreputazioari ("daño reputacional" gaztelaniazko esapide aldrebestua erabili zuen berak). Postarekin zerikusirik ez duen egunkari horretan agertu dira hitzak. Zein izango da Tapiak aipatzen duen herri hori? Baskauntri, ziur aski. Beldurgarria da jakitea horrelakoak botatzeko gai den pertsona gure agintarietako bat dela, eta haren eskuetan dagoela ekonomiaren garapena (noren ekonomiaren garapena?). Edozeini bururatzen zaizkio gure herriari (edozer dela ere herri hori) izen ona kentzen dizkioten hamaika egoera. Edo beharbada ez da beldurgarria, argigarria baizik, eta Tapiaren hitzek bere pentsamendua eta gobernu osoarena islatzen dute ondo baino hobeto: pentsamendu neoliberala (ai, barkatu berriro ere). Langile ulerberak eta otzanak behar ditu Baskauntrik, eta grebarik ez. Horrek bai eragiten didala niri izua.