NGURUMENAREN aldeko lana bere defentsa irmoa egitea da. Gaur egun alerta klimatologikoa puri-purian dago; argi dago gizaki sarraski egileak itsumustuka dena suntsitu eta ahituko duela datozen urteetan, kontrako norabidea hartzen ez bada. Katuari arrana nork lotuko dabiltza nazio batzuk, baina benetako konpromisoak ezerezean gelditzen dira, asko eta asko zehaztugabeak baitira. Karbono dioxidoaren isuriak zerora murrizteko arazoa ahoz aho dabil eta letra gorrietan idazten da sinatzen diren akordioetako dossierretan, baina begi gora-behera batean ahaztu egiten dira harturiko ebatziak eta marko ekonomikoa leuntzen da berriz makroenpresa handiek irabaziak gal ez ditzaten.

Munduko potentzia dezentek karbono neutraltasuna lortzeko determinazioa hartu dute, eta beste askok proposamenari muzin egin diote azken buruan. Irakurri dudanez, 49 estatuk eta EBko 27 kideek karbonorik gabeko herrialde bilakatzeko konpromisoa onartu dute, eta hala, EBk eta AEBek 2050erako, eta Txinak 2060 urterako egingo dute. Australiak ere 2050erako karbono neutraltasuna lortzeko deliberoa hartu du. Eusko Jaurlaritzak beroaldiaren kontrako bidea ere hartu du, eta 2024rako berotegi efektuko gasen isurketa gutxitu egin nahi du klima aldaketak hartu duen abiadura krudelari stop esan ahal izateko. Erdietsiko dute?

Halarik ere, zenbat urte diren aurretik mundua desegiten, ahultzen eta usteltzen ikusteko. Zenbat urte ekosistema askotako espezieak hiltzen eta desagertzen ikusteko! Zenbat urte poloetako izotza ur bilakatzen ikusteko, eta ur hori betiko kutsaturik ikusteko! Zenbat urte gure zeruetako urdintasunean hodei beltzen sinadura egunerokoa ikusteko!

Ekologista askok gure globoaren naturaren defentsa sutsuan aritzen dira betidanik, baina horiek ere mezprezaturik izan dira, eta horietarik asko, erahilak. Berez, 2020. urtean naturaren aldeko ekintzaile mordoa hil zituzten munduan, inoizkorik gehien. Latinoamerikan gertatzen da batik-bat deskalabrua eta sarraskia.

Ingurumenaren defentsa naturak baino ez du eskertzen, ezinean bada ere.