Niretzat ia obsesioa zen gure etxeko gazteek ez zezaten ETA aktiboan ezagutu. Ia obsesioa zen gure belaunaldiak bizitakoa beraiek bizi ez zezaten. Eta ez dute ezagutu. Baina obsesioa zen baita ere, errelato bat izan zezaten. Bi bizipenak jasoko zituen errelatoa. Ez nuen argi errelato horren berri eskolan jaso behar ote zuten. Baina errelato bat izan behar zutela bai. Batez ere, ez zezaten heredentzian jaso arrazoirik gabe gorrotatzen, edota ezezagutzagatik indiferente izaten.

Unibertsitate ikasketak egiten ari diren gazte ba- tzuei galdetu diete zer iruditu zaien Maixabel filma eta pare bat erreakziorekin gelditu naiz: batetik, filmean ez dela jakitera ematen ETAk zergatik hiltzen zuen; eta, bestetik, ezin ulertuzkoa egin zaiela ikustea ETAkideek zer gutxi zekiten edo ia ezer ez hiltzen zituzten biktimei buruz. Gazteei, oro har, arrotza egiten zaie ezagutu eta bizi ez duten arazo politiko eta sozial bati buruz hitz egitea. Beren gurasoek motxilan sartuta daramaten harritzarra dela iruditzen zaie. Ez dihoana beraiekin. Guraso askok, ez dute motxila ireki eta harritzarra erakusteko gogorik. Zertarako? Beste batzuk, ordea, belaunaldi berriek biktimen (ba-tzuen zein besteen) gaineko errelatoa bizirik manten dezaten nahi dute. Zer gutxiago!

Eta, bitartean, ETAk gurekin dirau.

Maixabel filmaren ondoren galdeketa egindako gazte batek esan zuena dakart gogora: Maixabelen alaba dela benetako protagonista. Oraina eta geroa ordezkatzen dituelako eta, barkamenaren jabe delarik, ez gorrotatzea erabaki duelako. Ideia horrekin gelditu zen gaztea. Eta etorkizuna eraikitzeko modu bakarra zela esan zuen: "Ez dugu lepoan motxila zaharrik hartu nahi, eta ez dugu gure bizitzaren helburua, gorrotoak elikatzen duen egia itsu baten aldeko borroka antzuan bilakatu dadin nahi".