Zirrikituetatik begira

Jubilazioa

30.09.2021 | 00:57
Jubilazioa

FRANTZIAN, Europako herrialde arruntean, 63 urteak beterik hartzen da lanetiko erretiroa. Jose Luis Escriva Espainiako ministro jauntxoak dio 75 urte bete arte segitu behar dugula lanean, eta jubilazioa hortik aurrera hartu ahal izango dugula. Morroiak dio gainera Espainiak aldaketa kulturala behar duela. Aldaketa kulturala horixe da? Soldata patetikoak dituzten lan patetikoetan hamar urte gehiagoz egon behar izatea?

Berak dio, gaur egun, arrazoi demografikoengatik eta dugun bizi-kalitatearengatik (sic) lehen baino gehiago lan egin daitekeela. Gaineratu du Espainian anomalia bat dagoela ildo horretan Europarekin konparatuz gero.

Anomalia asko ikusten ditu nik gaur egun, eta batzuk oso bortitzak eta lotsagarriak. Langabetuen portzentajea ez da beherantz doan kopurua, horiek dira interes gutxien sortzen dutenak. Beste aldetik, zaharrak lan egitera behartu beharrean, gero eta prestatuago eta motibatuago dauden gazteentzako lanpostu duinak lortzen tematu beharko litzateke ministro hori, gazte horiek Europarako bidea har ez dezaten. Lan-bizitza luzatzea ongizatearen kontrako ekintza zuzena da, bizitza osoan lanean eman ostean pentsioak ez baitira gorantz joaten, eta lerdokeria eta estakuru dezente entzun behar dira ministro horiengandik langileriari eman behar zaiona ez bermatzeko.

Inoiz entzun duzue erlijioari on egingo diola Elizari asignatzen zaiona jaisteak? Edota monarkiaren etorkizuna lotzeko Espainiako errege-erreginaren finantzaketa jaitsi behar dela? Baina modu kuriosoan beti esaten da Espainiako sistemak jarrai dezan pentsioak jaitsi behar direla.

Tira, Jose Luis Escriva Espainiako ministroa, ez badakizue, BBVA banketxe handiaren zuzendarietako bat izan zen, eta ia bi milioi dirutzaren jabe da.

Jakintsu aberats hori Espainiako pentsio publikoak kudeatu behar ditu, eta otu egiten zaion perlarik handiena da luzaroan lan egin behar dugula esatea. PP alderdiak antzekoa esan zuen duela urte batzuk, eta PSOEk kate beretik egingo du tira.

Onena lan gutxiago eta denok lan egitea litzateke, gutxiago ekoizteko eta dena hobeto banaturik egoteko. Ezta?

noticias de deia