Zirrikituetatik begira

Ahuldadea

18.09.2021 | 01:07

GURE ahuldadetik ihesi gabiltza egunero. Ezkutatu nahi dugu, ez dugu geuk ere ikusi nahi. Baina agian oker gaude. Eta gure ahuldadea balitz gure indar handiena? Esan nahi dut inor ez dela gu baino adituago gure ahuldadeetan, expertise handia daukagu horretan, sekulako eskarmentua. Beraz, zergatik ez ustiatu harrobi hori?

Hau asko egin dute idazleek. Pentsa, Carson McCullers idazle handiak, adibidez, nola eraman zuen maisuki bere obretara bere bizitzan maitasunarekin izan zuen harreman gatazkatsua, maitasunaren aurrean sentitu zuen ahuldadea. Ziur naiz maitasun kontuetan hain ahul eta zaurgarri sentitzeari esker direla maitasunari buruzko bere nobela eta ipuinak hain erakargarriak, benetakoak eta eraginkorrak. Bere ahulezia hori gabe, seguraski ez zuen lortuko.

Dostoievskik arazo handiak izan zituen jokoarekin, bere garaiko ludopata bat zen. Europako bainuetxeetan ruletaren plazerra deskubritu zuen eta hortik aurrera familiako diru guztiak galdu zituen jokoan, diru eske ibiltzen omen zen lagun artean sarritan... Bere ahuldadeari aurrez aurre begiratu eta Jokalaria idatzi zuen, Literaturaren historiara pasatu den lana.

Ziurrenez Carmen Laforetek gaztetan, Espainiako gerraosteko gizarte ilun hartan, aske izateko ezintasuna sentitu izan ez balu, gaur ez genukeen ezagutuko Nada eleberria, duela ehun urte jaio zen egilearen nobela ederra. Bere hu-tsuneak eta ahuldadeak literatura bihurtu zituen, beste idazle askok egin duten bezala. Idazle handiak alde batera utzita, gutako edonork atera dezake zerbait bere ahuldadeetatik. Gure beldur handienak izan daitezke gure motore indartsuenak zerbait sortzeko. Beldurrei eta ahuldadeei aurrez aurre begiratzea da kontua. Jakitea zeintzuk diren gure mamuak. Errekonozitzea zeri diogun beldur, zertan sentitzen garen ahul.

Ariketa hori egitea aukera bat izan daiteke indartsuago sentitzeko. Zergatik ez. Gure zulo beltzetan ere petrolioa aurkitzeko.

noticias de deia