Saudi Arabiako, Arabiar Emirerri Batuetako eta Qatarreko emakumeen eskubideei buruzko kezkak fokutik urrundu dira (gertu-gertu ere ez dira inoiz egon). Ulertzen dut premia, ulertzen dut larrialdia: Afganistango emakumeek lehentasuna dute. Bitartean inork gutxik jartzen ditu zalantzan Saudi Arabiarekin egiten diren negozioak, batzuek negozioak eta oporrak egiten dituztela Emirerrietan (Espainiako errege zaharrak, besteak beste) eta askok Qatarreko munduko futbol txapelketarekin amets egiten dutela. Afganistangoak Yemengoa estali du, eta Kurdistanen Turkiak (aliatu hori!) egiten duena. Hondamendi naturalak (sic) ez aipatzeagatik: Haitirako ez zegoen minuturik telebistetan.

Hilabete gutxi barru munduko beste txoko batean egongo dira larrialdiak, giza eskubideen urraketak, gerrak, goseteak, eta Afganistango emakumeak izengabekoen zerrendara pasako dira. Egoera normalizatuko da (talibanak ez dira terroristak), eta negozio erdi garbi, erdi zikinak bueltatuko dira, edo gerra zibila, negozioa ere dena, opioa eta ustelkeria, eta hori guztia. Kabulgo aireportuan, edo Afganistango edozein lekutan, aste honetan bertan tiroz, jendearen artean itota, auskalo nola, hil denak ezin izango du jadanik jakin zer dakarren etorkizunak gure munduarentzat. Gauza onik ez, antza.