Zirrikituetatik begira

Olatuak

30.07.2021 | 00:30
Olatuak

HERRI arrantzaleetako biztanleek etxekoak dituzte olatuak. Neguko itsas beltza eten gabeko olatu multzoa da. Udako itsas urdinak ere bereak ditu ez ustean sortzen diren enbatak eta olatu lerrokadak.

Herri horietako gazteek oso gustura hartzen dituzte olatuak udan. Zenbat eta handiagoak orduan eta gozamenerako aukera hobea. Beti da horrela: bare dagoen lekuan –portuan edo errekan– marea goran kukaina da neska mutilen aisialdirako aproposa eta hondartzan hondoko itsasaldia tokatzen bada, hirunaka etortzen diren olatu handiak harrapatzea da ahalegina, justu lehertzera doazen une berean.

Aspaldiko hilabetetan bata bestaren atzetik eta ia atsedenik gabe datozen olatuek harrapatu gaituzte itsas ertzean zein lehorrean bizi garenok. Eta hauek ez datoz hirunaka, itsasotikoak bezala. Ez dakigu bosgarrena dugun oraingoa ala dena den barealdi laburrez disimulaturiko olatu erraldoi eta larri bakarra, ziklogenesi gaiztoenak baino heriotza askoz gehiago eragiten ari dena. Covid-19 deitzen zaio. Pandemia deitzen zaio.

Asko ikasi dugu dagoeneko baina oraindik ez dakigu dena gaitz honi buruz. Ez dakit ezertaz dena jakiterik dagoen baina egia da aurretik jasandakoek beti erakusten dutela. Halaxe egiten du aurrera zientziak –eta zibilizazioak– gertakariez ikasi eta aukera bakoitza ikertu eta esperimentatzen jarraituz.

Ez ditugu ezagutzen birusaren azken aldaeraren kalteak, ezta ere epe erdira edota luzera ondorio berriak agertu daitezkeen edo gazteak, nerabeak eta haurrak noraino dauden libre. Ez dakigu eraldaketarik ez eze anduirik izango dugun eta izatekotan, ze eragin ekarriko duen.

Halere, zerbait baino gehiago dakigu. Badakigu arazo hau komunitarioa dena. Norbera bakarrik ezin dela salbatu. Bakoitzak bere inguru hurbilean eragitea ezinbestekoa izanda ere, es dela nahikoa. Globalizazio kontzeptuaren adiera zuzenena erakutsi digu birusak:. mundu osora eramaten da erremedioa –txertoa– edo ez dugu izango denontzako onik. Denak ala inor ez, dena ala ezer ez, Mikel Laboak abestu bezala.

Más información

noticias de deia