ARTU itzazu nire klabeak". Gaur egun, norbaiti hori esatea zure bihotza haren eskuetan uztea bezalakoa da. Ez dago konfiantzaren adierazpen argiagorik. Garai batean lagunari edo senideari zure etxeko giltzen kopia ematean erakusten zenion konfiantza bera da. Itsua. Pentsa ezazu une batez zenbat eta zein jenderi emango zenizkiokeen zure pasahitz guztiak ezeren beldur izan gabe: zure sare sozialena, zure posta elektronikoarena, aurrezki kutxako online kontuarena, zure telefono mugikorra desblokeatzeko PINarena edo patroiarena... Nori emango zenizkioke hainbat ate irekitzen dituzten giltza horiek? Kontuan izan giltza horiek zure intimitatean sartzeko aukera emango diotela, sarean duzun ahots eta irudia erabiltzeko baimena, zure elkarrizketatan sartzekoa, zure argazkietan, zure bideotan, zure oharretan... Gero eta gauza gehiago gordetzen ditugu klabe batzuen atzean, beraz, norbaiti pasahitz horiek ematea konfiantza handia adieraztea da.

Sare sozial bateko nire profilera sartzeko pasahitza lapurtzen saiatu dira duela gutxi. Ondorioz, egun batzuk sare sozial horretara ezin sartuta egon naiz eta egun hauetan sarearekiko dudan mendekotasuna nik uste baino handiagoa dela konturatzeaz gain, indartu egin da nire barruan lehendik ere banuen sentsazio bat: ez dugula inolako kontrolik sarean sortzen ari garen guztiaren gainean. Nahikoa da norbaitek zure pasahitza edo klabea lapurtzea sarean zure izenean astakeriak esaten hasteko. Bat-batean, babesgabetasun handia sentitu dut. Eta big data delakoaren kontrolaz pentsatu dut: sortzen dugun datu kopuru izugarria nork kontrolatzen duen ez dakigula, alegia. Ba al dakigu, adibidez, gure erosketa-ohiturak merkataritza-kateei saltzen zaizkiela? Ba al dakigu benetan nori ematen diogun gure informazioa inprimaki bat betetzen dugunean edo erosketa batean txartela pasatzen dugunean? Gu konturatu gabe eta klaberik eskatu beharrik gabe ere gure bizitzetan sartu dira. Gure etxeko giltzak dituzte. Eta ez dira ez gure laguna, ezta zure senitartekoa ere.