ZAGUNA dugu honez gero Bizi berri berba. Ate-joka datorren Pandemiaren Aurkako Euskal Legea aztertzeko aukera izango dugu baina, bitartean, Bizi Berri III plana daukagu indarrean, izurriteak eragindako kalteen nondik norakoak ezagutu eta neurri koherenteak hartzeko. Ez da, beraz, alperreko lana atentzioa jartzea gaiari, lege berrian pandemiari aurre egiteko funtsa eta irizpideak berdintsuak baitira.

Plan hau, irekia da. Halaxe sortu zen iazko maia-tzean eta, aurreratu zen bezala, etengabe egoki-tzen joan da. Egun indarrean dagoena, hirugarrena da, izenak adierazten duenez. Europako herrialdeetan ere -Alemanian, Austrian, Fran-tzian edo Danimarkan, kasurako- plan honekin lerratu daitezkeen araudiak dituzte abian. Helburua da birusaren hedapenari eragiten dioten parametro nagusiak erabaki eta ondoriozko neurriak hartzea.

Bizi Berri III planak eguneroko datuak eta aldiroko bilakaerak aztertuz azalerazten ditu egoeraren larritasun-maila eta babes-neurriak; gogorrak eta oinarrizko eskubideen mugatzaileak batzuk, norbere eta komunitatearen osasunaren aldekoak denak. Parametro hauetatik hiru aipatuko ditut, agian garrantzitsuenak direnak. Batetik, azken 14 egunetan metaturiko intzidentzia (IM14) dago, hots, 14 egunetan pilatu diren kutsatu-kopurua 100.000ko; bestetik, birsortze-tasa deitzen dena, kutsatu bakoitzak beste zenbat kutsatzen dituen neurtzen duena (R0); hirugarrena, covidak eraginda ZIUtan ingresatuta dauden herritarren kopurua. Azken parametro hau da larriena, gaixotasunaren sakonera gordinki erakusten duelako eta, gainera, bestelako gaixotasunak dituztenen osasun-tratamenduak atzentzen direlako.

Egun hauetan azken asteetako geldialdia gaindi-tzen goaz: atzo bertan argitaratutako datuen arabera, IM 14 behera doa (180,89); R0 ere 0,83ra jaitsi da; ZIUen betetze mailak ere (77 lagun), hobera doa. Baina bide luzea daukagu eta, lehenera itzuli artean, geure burua eta, bide batez, komunitatea zaintzea dagokigu.