EGAZTI Migratzaileen Munduko Eguna ospatu zen duela egun batzuk. Iparretik hegora, edota kontrako norabidean, alderantziz, urtero burutzen duten bidaia eterno batean murgiltzen dira milioika txori, sen atabikoak gidatua, janari goxoagoa topatzeko edota amodioaren kantuetan hasteko. Espezie batzuk harrigarriak dira hegoetan akumulatzen zaizkien kilometroei begira jartzen bagara. Erakusten dituzten indarra eta konbikzioa neurtezinak dira. Berdin da noraino joan behar duten, berdin da zein klimatologia duten aurretik, instintuak agin-tzen die paradisu berrietara joateko besteko indar metatu behar dutela, eta hemen dituzten kate guztiak apurtuta, badoaz. Batzuk kilo dezente loditu ostean aireratu egiten dira, eta izarrei, kostaldeei, edota eremu magnetikoei esker, eta orientazioan inolako akatsik egin gabe, zain dituzten espazio berrietara heltzen dira.

Zein ederra den izarretara begiratzea eta non zauden jakin ahal izatea. Gizakiok batzuetan ez dakigu non gauden ere, zer egiten dugun edo nora goazen ere, zein espezieri gagozkion ere.

Txori migratzaileek adoretu egiten dituzte nekeak flakaturik ondoan hegan doazen kideak. Gure munduan, lurretik hurbil bizi garenok mezprezatu egiten dugu gure hurkoa, eta txarragoa dena, inoiz akabatu egiten dugu.

Batzuek hilketak burutzen dituzte, eta masa global batean egiten denean genozidioak egiten dituzte. Ez dakit Palestinatik zein txori izango den migra-tzaile, baina seguruenik pertsona oro bidaiatan hasiko da espantutik aldendu nahian. Israel herriak gerra modu zabalean planteatu nahi du bere lobbya handitzeko, bertako lurrak nahi dituelako. Han historiak jarri dituen pertsonak bost axola.

Gatazka inoizkorik krudelena izango da, familia asko deseginda geldituko dira betiko.

Seguruenik egun hauetarako hegazti migratzaile horiek habiak egiten edota kumeak txitatzen izango dira, bizitza berri baten aldeko hautu naturalari men eginez.

Bitartean, beste lurralde batzuetan gizakiak noraezean dira, eta hegoak zauriturik dituztela ez dute hegaz egingo.