Gaur gauerako nazi ohi baten elkarrizketa iragarri dute La Sexta katean. Jada aurreratu dituzte zenbait zati. Haren aitak, semeak nerabe zela erakusten zituen joerez kezkaturik, Schindler-en zerrenda filma ikusarazi omen zion. Neoazi ohiak aitortu duenez, algaraka ikusi zuen filma, baina ez omen zuen han agertzen zirenen sofrikarioaz trufatzeko xederik, istorioa bera iruditzen zitzaion barregarria. Asmatua. Holokaustoari "cuentocausto" deitzen bide zioten beren arteko bileretan. Zenbaiten kontakizunak aise lortu du duela hamarkada gutxi gertatutako genozidioa askoren begietara zalantzagarri bihurtzea. Beste zenbaitenak Francoren altxamendua eta diktadura justifikatu edo urardotzea bezain erraz. Beste basakeria ba-tzuk zuritu eta "testuinguruan jartzeko" ahaleginak ere etengabeak dira gure inguru arras hurbilean.

Ez dakit bidezkoa edota egokia den, baina ez nau askorik artegatu irakaslearenganako susmoak izan dituen guraso horren jokabideak. Ez da edonolako erantzukizuna historia-irakasleena. Geure seme-alabenei dagokienez, neure pentsakeratik hurbilekoa izateak ere ez ninduke lasaitu behar. Ni ere ez naiz libratzen neure zauri, sentipen eta xedeen arabera moldatu eta barneratutako historiaz.