UNKIDURA über alles": horrela laburbildu zuen Angel Errok pasa den igandeko zutabean Iñaki Arriola Garraio sailburuaren adierazpen ezin hunkigarriagoak, AHTaren epeak kalkulatzean egin ziren okerrak bihotzez eginak zirela, barkagarriak beraz, kontatu zigunean. Garaiko izpirituaz ederki jabetuta, Arriola jaunak bihotzaren, sentimenduen eta emozioen komodina atera zuen balizko tren azkarraren eta haren epeen txantxa tristea zuritze aldera, sentimentalkeriaren langa guztiak gaindituta. Deskubritu dugu bat-batean erabaki hasieran politikoa eta, aldi berean, ekonomikoa zena, geroago teknikoa izateko, emozioez eginiko ore likatsua baino ez dela. Irizpide politiko eta ekonomikoez eztabaida dezakegu, baita teknikoez ere, neurri batean, baina irizpide emozionalak eztabaidaezinak dira: bihotzak horrela sentitu du eta kito.

Ez dakit hemendik aurrera ikastetxe publiko bat eraiki beharrean ikastetxe kontzertatuari kontzertua zabaltzea erabakitzen denean, politika guztiz ahaztu eta batzuen bihotzñoak eta asmo onak kontuan hartu behar izango ditugun. Ez dakit Gasteizen egin nahi duten unibertsitate pribatu berri hori bihotzez eta bihotzetik eraikiko den, zera politiko eta ekonomiko korapilatsu horiekin nekatu gabe, gogo onez beti ere, eta hunkituta. Ez dakit Gasteizen AHTerako lurperatu nahi den geltokiaren infografiak norbaiten bihotza hunkitu duen.

Agian hemendik aurrera, edozein egitasmo aurkezterakoan, orain arte beharrezkoak ziren txosten ekonomiko eta teknikoekin batera, bihotz-txostena edo txosten emozionala aurkeztu beharko litzateke, asmo onez beterik, badaezpada. Ez al litzateke atseginagoa izango politikari dagozkion asperraldi hotz horiek guztiak albo batera utzi eta bihotz kontuez bakarrik ardura-tzea? Iñaki Arriola bezala, beste politikari asko ikasten ari dira bihotza negozio ona izan daitekeela. Ez dira guztiz errudunak. Gizarteak erakutsi die, hunkigarrismoaren garaian gaude (superpotenzia emozionala, adimen emozionala, irakaskuntza emozionala...), bihotzek eta asmo onek denetarako balio dutela.

Gora bihotzak!