ADAKIZUE egun normal askotan (egunerokotasunak ederki ostentzen dituen horiek) kontu xelebreak ospatzen ditugula. Jakin barik, badakit, ezin baititugu urteko egun inportante guztiak gogoan hartu. Baina, ospatu egiten dira, eta batzuetan merezi du, izan ere, egun konkretu batek berarekin batera ospakizun handia baitakar. Horixe izan zen joan den astean, apirilaren 22an, natura-ingurunearen aldeko kontzientzia sustatzeko xedez, Lurraren Eguna ospatu genuenean.

Egun garrantzitsua da, Lurrarena, gure Lurrarena, gure planetarena, gure bizitokiarena, gure etxearena, jagon behar duguna. Planeta hori daukagun bakarra da (gizakia beste bat konkista-tzeko ahaleginetan murgildurik bizi bada ere), ba-karra. Besterik ez dugu, habitagarri dena behin-tzat ez, eta beharrik ere ez.

Gu, gizakiok, planeta horren barneko sistema integratuaren parte bat gara, ñimiñoa bai, baina parte bat, deuseztatzailea bai, hondatzailea bai, baina parte bat. Sistema inteligente horretan guk sorturiko desorekak itzelak izan dira, gizakiontzat sekulako ondorio latzak ekarri dituztenak, tartean, gaur egun erasotzen digun pandemia hilgarria.

Koronabirusak hainbat aldaketa ekarri dizkigu: alde batetik, gizakion mobilitaterik eza, eta ondorioz, elementu kutsagarrien aireratzearen murrizketa. Horrek guztiak muturreko inpaktu izan zuen landaretzan eta faunan, baina beste aldetik, gizaki askorentzat bestelako hondamendia sortu zen, pobrezia eta atzerakada ekonomikoetako parametroetan isla izan zuena. Naturak eta gizakiak binomio ordezkaezinak dira, gu behintzat, bestearen menpean bizi gara eta.

Orain, aldaketa klimatikoak dakartzan ondorio larrien kontra ahalegindu beharrean, ekonomia nola suspertu (naturari bizkarra emanez) hausnartzen ari da makro-potentzien lobbya, eta horretarako hainbat hobari jarriko dira bidean. Alferrikako lana izango da hobari horien barnean ekosistemetan harrapakaritza lehenesten bada. Gaur egun, irabazi gordinek dute garrantzia, eta ez epe luzaroan gerta daitekeen ongizatearen galera.

Zorionak Lurra, eta urte askotarako! (hala biz).