ARRIGARRIA da gaur egun erasotzen digun pandemia honek nolako kaos eta atzerapauso handiak ekarri eta ezarri dituen. Maila guztietan gainera, bat ere ez dago salbu, denak kate berak lotzen baititu. Bai eta hizkuntzaren esparruan ere.

Joan den urtean hizkuntza-eskubideak nola kaltetu ziren azaldu zuen Behatokiak aurreko astean. Argi eta garbi ikusten da aurkezturiko txostenean, pandemia estakuru galanta izan dela euskara bera eta hiztunok ditugun eskubideak bigarren maila batera pasarazteko. Harritzen gaituen lehen datua da 2020an jaso ziren kexa kopurua, nabarmenki gora egin duena. Eta beste aldetik, kantitate lotsagarri horrekin batera, larritasuna da kezkatzeko arrazoia, balio negatiboaren boluma eta kalibrea dezente igo baitira.

Badirudi pandemiaren hatzaparretan gaudelarik, euskararen kontrako gorrotoak eta zakarkeriak erraztasunez eta bestelako enfasiz eman direla, dena baimendurik balego legez. Kezka nagusia birus bera eta horrek ekarritako egoera aldrebeskoa zenez, euskarak ez du izan betiko protagonismoa, ez eta benetakoa ere, eta zokoratu egin da beste behin.

Argi dago gobernuek bestelako kezkak badituztela, batzuetan ez oso logikoak, baina Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua horrelako arloetan kexa gehien jaso dituzten erakundeak izan dira, eta horrek zer pentsatu ematen du. Gobernuek hizkuntza eta hiztunak babestu eta haiekiko enpatia gorde beharrean, horiek alboratu eta eskubideen urraketak egin dituzte? Herritarrez landa, nork eman behar dizkio hizkuntza bati benetako balioa eta prestigioa?

Administrazioan euskaraz zuzendu eta gaztelaniaz erantzun, horixe betiko birusa. Beste aldetik, gobernu horietako Foruzain, Ertzain, eta bestelako polizia zein udaltzainengandik jasotako jarrera okerrak ere asko izan dira. Euskarari eta euskaldunoi, oraindik, muzin egiten digute oinarrizko arreta eskatzen denean.

Txarrena da pandemiak ekarritako albo kalte horiek ez direla txertoarekin amaituko.