Z naiz bidaia-agentzia baten jabea ez eta bidaia-agentzia bateko langilea ere. Ez daukat sektoreko sukaldeko trapuek duten usainaren berririk. Ez dakit, ezta ere, ia urtebetez pandemia dela eta lanik ezin eginda egotea zer den. Ez, ez dakit. Ez dut sektorearen kode etiko eta deontologikoa ere ezagutzen. Eta horrexegatik, bakarrik, beharbada, oker arituko naiz.

Bai, badakit, merkatu askean, eskaria asetuko duen eskaintza prestatzea libre dela eta, halakoan, "onenak" edo "bizkorrenak" irabazten duela. Delako eskaera hori asetzeko produktua edo eskaintza "asmatzen" dakienak, alegia. Nahiz eta, hori horrela dela onartuta ere, betidanik pentsatu izan dudan, merkatuan salgai jartzen diren produktu eta zerbitzuak oro aurrez testatuak direla eta etika baten barruan zedarritzen direla.

Utziko didazue, beraz, gutxienez zalantzan jar-tzen, ea guztiz etikoa den Covid-19ari aurre egiteko txertoa+munduaren-bestaldeko-paradisu-batera-joateko-bidaia (edo alderantziz) eskain-tzea, milaka pertsonentzako txertoa erosteko adinako prezioa dutenean delako bidaia horiek. Diruak betidanik markatu du batzuen eta besteen arteko aldea. Jakinik, gainera, osasunari dagokionean ere, zerbaitek berdintzen bagaitu, hori, osasunaren zainketarako beharra dela.

Bi egoera irudikatzen saiatu naiz: bata, herritar (txiro) babesgabeena, zeintzuei estatuak txertorik bermatzen ez dieten. Bestea, herritar (aberats) ahaldunduena, zeintzuei estatuak txertoa bermatzen dieten arren, dirua mahai gainean jarriz gero, aukeratutako paradisura joateko aukera duten, txerto antsiatua jasotzeko.

Eta momentu batez irudikatu dut, bigarren kasuko pertsona bakar baten bidaia+txertoarekin, lehenbiziko kasuko milaka pertsona txertatzeko aukera legokeela.

Ez dagokie bidaia-agentziei hausnarketa honi erantzutea. Baina bai dagokigu herritarroi, gure oporrek zer ordaintzen duten galdetzea eta, ondotik, bidaia-agentziei zer eskatu nahi diegun pentsatzea.