"Larrion" izan zitekeen artikulu honen izenburua, edo "Larrioff". "Larrien" deitzea erabakirik, zerrendako lehen postuetatik ezkutatu egin zait Miren. Mikel Zabaltza hil egin zutela egiaztatzen duen grabaketa entzun dugu. Hoztasun asaldagarriz, orbaizetarra nola hil zitzaien kontatzen dute CESIDeko Perote koronel ohiak eta guardia zibileko Gomez Nieto kapitainak. Laborategian sagu bat hil izan balitzaie ere nekez hitz egingo zuketen hoztasun handiagoz. Estatuaren aparatuek sortutako talde terrorista bat, guardia zibilaren kuartel batean hil arte torturatzen. Eta basakeria horien erantzule behar lukeen estatua gaia desbideratu eta beste aldera begira.

Bakarren bati burutik pasako zaio, agian, Intxaurrondoko kuartela saltzea, PPk Genova kaleko egoitza bezala. Arazoa ez da eraikin bat, ordea, usteldutako egitura baten zimenduak baizik.

Grabaketa horren berri izan dugun aste berean jakin dugu Espainiako errege emerituak beste 4,3 milioi euroko zorra kitatu duela Ogasunarekin. Hilabete batzuk lehenago kitatutakoei gehituta, zortzi bat milioi ditu ordainduak. Estatu-buru izandakoa estatuari lapurretan, herritar bakoitzari burutik behera kaka egiten, eta inork ez daki nondik egin dituen halako dirutzak. Horiek dira izugarrien, mingarrien, salagarrien, larrien.