Segun eta€

06.02.2021 | 01:23
Segun eta€

PANDEMIA! Pandemia! Pandemiaaaa! Bai eta ostiak ere! Pandemian gaude baina segun eta nola; pandemian gaude segun eta zertarako; pandemian gaude baina the show must go on! Pandemian bageunde edozer egin beharko lukete gobernuek, baina, ai!, sistema uki-tzea sakrilegioa da: ezinezkoa, ezinezkoa, ezinezkoa.

1998. urtean Hego Afrikako populazioaren %20 inguru VIH birusarekin kutsaturik zegoen eta farmazia enpresek nazioak pagatu ezin zituen prezioan saltzen zizkien erretrobiralak. Patentea hautsi zuten Indiako enpresari baten laguntzarekin. Enpresa horiek auzitara eraman zuten hango gobernua, baina, gaur egun 24 miloi eta erdi lagunek dituzte erretrobiralak Hego Afrikan. Atera kontuak.

Marc Botenga eurodiputatu belgikarrak adierazi du EBk "lau aldiz txertoaren balioa pagatu diela ikerketa, garapen eta ekoizpen ahalmenean farmazia enpresei honezkero". Eta hala ere txertoaren jabegoa beraiena da. Ez hori bakarrik, Europako Batzordearekin sinaturiko kontratuak ezkutukoak dira. Are gehiago txertoen kalteen ardura gobernuena izango da, eta ez haiena.

Pandemian gaude, akordatzen zarete. Baina pandemian bagaude ere ustezko kontratu pribatuak agin-tzen dute. Bagenekien, Hego Afrikako kasuak edo Sovaldi botikarenak erakusten du, osasunaren gainetik ekonomia kapitalista zegoela, baina ezagutzen dugun mundua eraldatu duen pandemian Batzorde eta nazioetako gobernuengandik ausardia pixka bat gehiago espero nuen. Izan ere, pandemian gaude, horixe da gure agintariek etengabe azpimarratzen digutena. Eta gaitzerdi esango digute agintari horiek beraiek txertoen %98tik gora lortu dituztela gogoratuz, eta nazio pobreen eskuetan %2 miserablea utzi dutela ahantzita. Horra elkartasuna!

MOEk esana du: "Denok salbu egon arte ez da inor salbu izango". Eta hori gertatu ahal izateko patenteak askatu egin behar dira. Orain. Eta mundu guztira ailegatuko diren txertoak ekoitzi. "Denak ala inor ez!", zioen kantak. Oinarrizko arauen urratzea! Ameskeria! Komunismoa! Ezinezkoa! Bai, badakit, pandemian gaude. Baina segun eta nola. Pandemian gaude baina segun eta zertarako. Pandemian gaude, baina lukurreriazko kontratuak sakratuak dira.