Behin baino gehiagotan salatu izan du, froga bakar bat aurkeztu gabe, 2016ko hauteskundeetan telefonoa zelatatu ziotela, Obamaren aginduz; The Washington Post hedabideak Trumpek 2005ean emakumeei buruz esandakoak zabaldu zituen: "izarra bazara, edozein emakumeri hankartea ukitzen ahal diozu"; MSNBC kateko Joe Scarborough kazetaria salatu zuen, bekadun bat hil izanaz salatu ere, inolako frogantzarik gabe; 2017an, ikur konfederatuak -arrazakeriaren eta esklabutzaren sinbolo direnak- kentzen hasi zirenean, horrek pena ematen ziola jakinarazi zuen; immigrazioaren eta musulmanen aurkako Britain First talde ultraeskuindar britainiarrak Twitter bidez hedatutako bideo baztertzaileak birtxiotu zituen; Sadiq Khan Londresko alkateaz esan zuen New Yorkeko Bill de Blasio auzapeza bezain ergela eta ezgauza dela; gaitzaren purialdi betean, COVID-19ari buruzko txosten zientifikoak errefusatu eta ekonomia berrabiarazteko presioak egin zituen; Georgiako estatu-idazkariari "11.780 boto baizik ez ditut behar!" idatzi zion; Joe Bidenek bozak iruzur bidez irabazi dituela salatu du behin eta berriz, froga bat bera gabe; Kapitolioa indarrez hartu zuten anormalei "maite zaituztet" idatzi zien...

Ezin sinetsizkoa da AEBtako presidente batek horiek guztiak eta horrelatsuko beste hainbat astakeria egin eta esan izana. Bistan denez, iragarpenarekin ez nuen asmatu. Agerikoa denez, ez nenbilen urrun. Trumpek agintea galdu du. Egun gutxi barru presidente izateari utziko dio batetik, bere boterearen oinarri ziren sare sozialetako kontuak itxi egin dizkiote bestetik eta, gainera, karguak zemaion immunitatea galduko du. Beldurra ematetik pena ematera pasatu da. Jada ez da diru asko duen miserable bat besterik.