RTE (moderno) lan bat proposatu behar nion artista plastiko bati hemendik, baina artikulu hau idazteko informazioa biltzen hasi naizenean zapuztu egin zait asmoa. Arte lanak honetan zetzan: hartu Espainiako bandera, eta, erre Madrilen. Grabatu. Hartu ikurriña, eta erre Gasteizen; berdin egin señerarekin Bartzelonan; galegoarekin Santiagon. Grabatu. Jo gero Parisera, Berlinera, Londonera, Erromara, Budapestera eta abar. Grabatu, editatu eta sare sozialetara igo. Hedatu. Eta salaketen zain itxoin; grabatu; salaketen tramitazioak jarraitu; grabatu. Isunak eta auzipetzeak jarraitu, itxoin eta grabatu. Europa and Flags nuen pentsatuta titulutzat.

Hasi naiz ikertzen zenbat naziok duen desecration of flag delitua, eta aizue, uste baino gehiagok. Alemaniak, Frantziak, Italiak, Irlandak, Hungariak bandera irainetatik babesteko legedia dute; Errumaniak eta Britainia Handiak, aldiz, ez. Kasurik dotoreena Danimarkakoa da: beren bandera iraintzea ez da delitu, beste nazioetakoak, aldiz, bai, nazioarteko harremanetan izan dezakeen eragina dela zio.

Espainiako Konstituzio Auzitegiak sindikalista batek "puta bandera" oihukatzeagatik ezarritako kondena berretsi du defentsaren adierazpen askatasuna argudioa bazter utzita eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren doktrinaren kontra. Nonbaitekoak garela uste duten horietakoa naiz, alegia, ez naiz mugen kontra dagoen kosmo moderno horietako bat, baina bandera bat iraintze, erretze edo harrika botatzeari ez diot sinbolo bat iraintzeaz haratagoko ezer ikusten, ez bada, nazio horren ahuldadea besteen aurrean.

Bateragune auziaren aurrean Auzitegi Goreneko 2 salak erabakitakoari ikusten diodan ahuldadea, ustez izan bai, baina jada ez duten subiranotasunaren aldarri ezinezkoa. Auzi horrek, auziperatuei paga ezinezko kalte eginda atzera, Estrasburgon bukatuko du Espainiako Justiziaren lotsaemangarri. Aldarri dezagun garaiz ez bagabiltza ere: "Espainiako bandera puta hori!"; "Espainiako Konstituzio Auzitegi ostia hori!" "Auzitegi Gorena zerriz beteta dago!" "Pikutara epaile frankistak!" Grabatu. Hedatu. Grabatu.