Zirrikituetatik begira

Errepikapena

17.12.2020 | 01:17
Errepikapena

DUELA 50 urte, garai honen inguruan, hainbat euskal herritar epaituak izan ziren Burgoseko prozesuan. Ondorio handiko epaiketa izan zen hura, Euskal Herrian hondar sakonak utzi zituena. Europan ere jakinaren gainean izan ziren, eta argi ikusi zuten bidegabekeria hura zertan zen. Espainia krudelaren jarrerak eta manerak agerian gelditu ziren. Liturgia hura guztia errepikatu nahi dute orain.

Urteak aurrera egin ahala eta argi-ilunak bizi izan baditugu ere, etorkizunari heldu nahi dion herria bakearen eta burujabetasunaren aldeko energiaren jabe bilakatu da.

Baina batzuentzat, Espainia aldean, hori ezinezkoa da, dena normaltasun politikoan bizitzea ezinezkoa da, demokraziaren abaroan herriak aurrera egitea ezinezkoa da, eta faxismoaren ikurra eskuetan dutela, atzera egin nahi dute, historia berriz errepika dadin.

Espainiako Auzitegi Gorenak, AVT-Verde Esperanza (berde kolorekoak?) biktimen elkarteak egindako eskaerari erantzunez, epaiketak errepikatu nahi ditu (Estrasburgoko sententziak kontrakoa adierazi zuen arren) Bateragune auziko bost auzipetuak berriro epaile amoral batzuen aurrean jesartzeko.

Eta hori guztia zergatik, zertarako? Balizko erreparazioa mendekuaren pozoiaren bidez jasotzeko? Tortura psikologiko eta soziala barreiatzeko? Faxistek Espainiako Gobernuaren kontrako trama burutu nahi dutelako modu batean edo bestean, gobernu hori deslegitimatzeko? Epaileek duten botere ahalguztiduna zertan den erakutsi ahal izateko? Indar politiko guztiak nazkatu eta indargabetu nahi dituztelako? Euskal Herriko eskerra tai gabeko lintxamenduaren bidez kriminalizatu nahi dutelako?

Otegik berak esan duen bezala, jasanezina zaio 78ko erregimenari ezker subiranistaren lidergoa, eta ondorioz kriminalizatu nahi du behin eta berriz, auzi politiko bat zabalduz inolako eskrupulurik gabe.

Botere faktikoek ultraeskuin perbertso zaharrena babesten dute, behinolako garaiak berriz errekuperatzen amesten duena. Baina beste behin, Espainia barregarri geldituko da hain desiragarri duen Europa horren begiradapean.

Más información