ANDEMIAREN harira agintariek hartutako erabakien eta iradokitako gomendioen artean garraiobideetan isilik egotearena edo, gutxienez, ahapeka mintzatzearena izan da gehien ukitu eta hunkitu nauena.

Hasieran gomendioa narritagarria zela pentsatu nuen, eta bazirela garraiobide jendetsuetan kutsa-tzeko arriskua gutxitzeko zenbait neurri guztiz zen-tzuzko: maiztasunak handiagotu, kasurako, edo tren, tranbia eta autobus luzeagoak erabili, ordutegiak aldatu eta abarrekoak. Berehala konturatu nintzen neurri horiek guztiek dirua dutela atzetik, eta ezaguna da zer gertatzen den dirua ekuazioan sartzen denean. Geroago, bururatu zitzaidan guztiok, oso-oso artalde, guztia ordu berean betetzeko dugun ohitura (lanera edo eskolara sartu, bazkaldu, etxera itzuli...) aldatzeko parada genuela. Baina lantokietako ordutegiak malguago bihurtzearena utopietarako gelditzen da oraingoz.

Gomendio horren aurka zabaldu zen iritzi orokorrarekin bat nentorren ni ere, isilik egoteko gomendio hori sinbolikoegia baitzen gure gizartearen ereduaz hausnarketa ezkorrak ez izateko: isilik eta meneko nahi gaituzte.

Baina bat-batean garunean konexio berriak eta, agian, maltzurrak, agertu zitzaizkidan. Tranbian edo autobusean isilik egon? Ez da egia izango! Eta inoiz baino argiago ikusi nituen berriro autobusetan ondoan izan ditudan izaki berbontzi horiek guztiak, pribatutasunari aspaldian uko egin zioten horiek. Behin Bilbotik Gasteiza datorren autobusean horrelako berba-lapiko batek ez zion sakelakoarekin ozenki hitz egiteari utzi segundo bakar batez ere; bidaiari guztiek ezeroso elkarri begira ez genekien zer pentsatu; Gasteiza iristean bidaide batek harengana jo eta esan zion: "Eskerrik asko zure bizitza guztiokin partekatzeagatik". Hitzon-tziaren aurpegiak erakutsi zuen harridura itzela izan zen: une horretan bertan konturatu zen alboan zituen itzal horiek izaki belarridunak zirela.

Isiltasuna, edo zarata gutxiago: ez da ideia txarra. Gainera, oso dibertigarria da euskaldun batzuei ohartaraztea, Europan zehar batez ere, espainiarrak bezain zaratatsuak eta oihu-zaleak direla, edo gehiago.