ENDEAK irakurri egiten du, eta badaki zer irakurri, gainera. Denetarik sartzen da menu horretan: eguneroko egunkaria (ba-tzuk higuingarriak diren arren), idazle sofistikatuen azken poema liburuak, mundu bazterretan egin diren bidaia eta kronika liburu ameslariak, etika, filosofia eta zaurgarritasunari buruzko liburu dentsoak, fikzioaren mundu ia errealera eramaten gaituzten antzerki lanak,€ eta beste batzuek, gaur, ipuinak irakurriko dituzte. Ipuina da literatura ona kondentsatzen duen estilo perfektua. Euskal Herriak ipuin egile onak ditu, eta gaur, azaroak 17, ipuingile baten lanak irakurriko dira ahoz gora Arriagako Antzokian.

Bai, gaur, goiz osoan zehar, 08:00etatik 14:00etara, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabearen hamahirugarren edizioa egin(go) da. Beste urteetan, ekainean egiten da, baina aurten gauza asko gelditu ziren bide erdian burutu ezinik, eta honakoa izan zen horietariko bat. Erabat galdu beharrean, beste data batean antolatu da euskal idazle handi bat omentzeko, izan ere, aurten aukeratu den irakurgaia Mariasun Landaren Ipuin hautatuak lana da.

Egunaren lehen argiekin, Mariasun Landak berak irakurri(ko) ditu bere obraren lehen lerroak, eta betiko legez, geroago, makina bat pertsona pasatu(ko) da Arriagako oholtzatik pasarte txikia irakurtzera, tartean, politikariak, enpresa ordezkariak, kirolariak, kultur eragileak, idazleak, ikasle eta irakasleak,€ ia berrehun pertsonako taldea osatu arte. Horiekin batera ere, 50 Euskal Etxeetako ikasleek ere hartuko dute parte, betiko legez, han urrunean ere euskarak sekulako garrantzia duela adierazi behar delako. Mariasun Landak batez ere gaztetxoentzat idatzi duenez, aurten ere gazte horiek bestelako protagonismoa hartuko dute, eta umeen parte-hartzea ere bermatu da, ikus-entzunezkoen bidez bada ere.

Hau irakurtzen ari bazara, Arriagan jarri duten pantaila erraldoi batean segitu ahal izango duzu irakurketa berezia, bai eta EITBren webgunean ere.

Aurten haur eta gazte literatura omendu nahi da, eta ez dago modu ederragorik. Irakurri.