ADIRUDI ukondoka agurtzearen ohitura hori desagertzen ari dela. Gaitz erdi. Pandemia ekarri dituen gaitzen artean handiena ez bada (egia esan, gertu dago txikiena izatetik), ez zait inoiz gustatu. Nolanahi ere, itsusiagoa zen oraindik oinak elkar ukituz batzuek saiatu zuten agur hura. Ados. Orain beste agur keinu bat modan jartzen ari da, antza: eskuineko eskua bularraren ezkerreko aldera, bihotz aldera edo, eramatea, estatubatuarrek ereserkia entzutean egiten duten bezalaxe. Ez dakit gehiegi gustatzen zaidan. Erosoa al da hori egitea ezkerrentzat? Baztertzailea izan al daiteke haientzat?

Pandemiari eskertu behar diot lehen genituen ohitura batzuen desagerpena: musukatzeko gogorik ez nuen jendea musukatu behar hori nekagarria zitzaidan, eta apur bat desatsegina, adibidez. Elkarri eskua ematearena, aldiz, nostalgiaz gogoratzen dut, baina orain eskuak gaitzaren bide zabalena omen dira.

Agurraren arazoak (arazoa baldin bada) hor segi-tzen du. Nik lagunen artean proposatu dut ekialdean erabiltzen dituzten agurrak hemen erabiltzen hastea: eskuak bularraren parean elkartzearena Indian bezala edo Japonian egiten dituzten buru eta gorputz makurtze horiek, biak ala biak ezin dotoreagoak. Proposamenaren porrota lagunen aurpegietan ikusi nuen berehala: batek hori beste kulturetan lapurtzen ibiltzea zela aurpegiratu zidan, nik eran-tzun nion agian bazela garaia mendebaldekoek ekialdekoen ohituraren bat hartzekoa, orain arte beti alderantziz gertatu dela kontuan harturik; beste batek, ekialdeko hori gure (euskal?) adierazkortasun mailarekin ondoegi ez zihoala (benetan?); beste bat marik... bat zela hasi zen esaten (ulertzen didazu).

Itxaropena galdu nuen guztiz asteburuan. Telebistan bi euskal entrenatzaile edo bi euskal taldetako entrenatzaileak (gizonezko futbola, jakina) elkar agurtzen ikusi nuen zelaian partida hasi edo buka-tzean: besarkadak, bizkarreko sendoak, ukitu handik, ukitu hemendik. "Hauei PCR proba ia-ia egunero egiten dietenez, edozer egin dezakete", bota zuen ondoan nuenak. Bitartean, besteok "kaixo" urrun eta zurrun batekin konformatuko gara. Edo "hepa" batekin, hatxe eta guzti.