OSEBA Gabilondo saiogileak badu argitaratu gabeko liburu bat zeinetan Espainiako Trantsizioko intelektualen, dei diezaiegun horrela, pentsamendua eta ibilbidea aztertzen baita. Intelektual horiek euskal jatorria dute eta jatorri horrek markaturik bihurtu dira Espainiako nazionalismoaren euskarri.

Intelektualei ideologiaren azterketa psikoanalitiko bana egiten dio: aitzindari, Unamuno, maskulinitate histerikoa eta nazioaren performancea; Savater, melankolia eta Estatu Ilustratu Ahistorikoa; Juaristi, Filosofia, Konpultsioa eta Lehen Eszena Primarioa; eta horrela aztertzen ditu Antonio Elorza, Mikel Azurmendi, Edurne Uriarte, Espainiako nazionalismoaren goraldian izan duten eragina azpimarratuz. (Gabilondori, beharbada, ez zaio analogia egokia irudituko, baina ez ote dira intelektual hauek Gaztelako erresuma sustengatu eta kudeatzen zuten idazkari noble baskondago haien pareko?)

Intelektual horietako batzuk agertzen dira Libres e Iguales plataformak Erregearen aldeko bideo aldarrian. Hiru gauzek eman didate arreta: aldarri egileen adina, gizonezkoen nagusitasuna eta bukaeran dagoen kargu hartzea, zeinak beste kargu har-tze batzuk gogoratu dizkidan. Trantsizioa, bideoak argi uzten du, inozentziaren garaia izan zen, oraindik ezjakinak izan eta iragana ahaztu nahi genuelako, Espainiako estatua desnazionalizatuta zegoelako ustea iltzatu ziguten gizon adindu horietako batzuek modernitatea aitzakia harturik. Bigarrenik, emakumeen kopuru txikia eta garrantzirik gabekoa, ez dago puntako emakume bakarra ere, Belen Esteban puntakotzat jotzen ez badugu behintzat; eta hirugarrena, bideoaren bukaeran dagoen kargu hartzea, parte hartu ez dutenei parte ez hartu izana leporatuz (eman dituzten arrazoiak aletzen dira, anonimoki) halako moldez non bideoan parte hartu ez izana ordena konstituzionalaren kontra, demokraziaren kontra izan eta arduragabe edo koldar bat izatea baita. ETAren kontra egon eta ñabardurarik nimiñoena erakutsi nahi izaten zutenen kontrako akusazioa gogorarazten dit.

Benetan usteko dute ez direla nazionalista Gora Erregea diotenean? Lur eginik uzten naute!