Berdin du goiburuak lurralde honetan demokrazia batean bizi garela badio, berdin da adierazpen eskubidearen bermepean Guardia Zibilak toki batetik ospa egin dezala eskatzen duen festa bat antolatzen badute gazte batzuek, berdin du filosofia politikoko adituek aberria eta estatuaren arteko desberdintasunak xehetzen badituzte, hemen bizitzeko eskubidea nahi bazenu, Guardia Zibila gurtu behar duzu.

Eta epaitegiek festa legala dela erabaki badute, berdin du, jo epaitegien aurka. Eta azkenean festa egiten bada, herriaren ohorea zikindu, iraindu, terrorista bihurtu eta espainiartasuna kendu, eta espainiartasunarekin ia bizitzeko eskubidea, espainiarra izateko derrigorrezko baldintza Guardia Zibila gurtzea baita.

Nola zen irakatsi ziguten matraka hura: España unidad de destino en lo universal. Horretatik aldentzen den oro ez da espainola; ez hori bakarrik edozein kritika terrorista da, galde diezaiotela bestela Unai Etxeberriari kamiseta batekin agertzeagatik jasotako zigorrarengatik edo Javier Ollo Altsasuko alkateari bere hitz zintzoengatik jasotako irainengatik.

Badakigu nazioak mitoak direla, eta mito hitzarekin ez diet garrantzia kendu nahi, baina Espainiarena loka dabil azken aldian, zeren jakina da, ezta?, Espainia betidanik esistitzen da.

Ni espainiartasunaren mito horiek zalantzan jartzen dituzten liburuak erretzen hasi naiz eta Ahumadako dukearen, Jose Giron Ezpeleta—amaren aldeko aitona Nafarroako erregeorde izan zen— biografia erosi dut. Dena dela, salbu nago: izenkideko, Venancio Olasagarre, aitaren osaba Benemeritako kapitaina izatera ailegatu zen. Viva La Guardi Civil! (Bada ez bada ere).