Aro digitalean bizi gara, hainbat ekimen online egiten dira, eta hainbat talde proiektu elkar ukitu gabe egiteko aukera du jendeak, baina espazioak behar dira, kulturak espazio fisikoak behar ditu, elkarguneak, maskarekin bada ere elkar ikusteko lekuak, elkarrekin hitz egiteko guneak, kolaborazioak sortaraztea errazten duten lur zati, ate, leiho eta paretak.

Talka ez da izan urte hauetan arte galeria bat bakarrik (hori "bakarrik" izatea gutxi balitz bezala), elkargune ere izan da, eta hainbat ekimen antolatu dira bertan. Ni azkenekoz liburu baten aurkezpenean izan nintzen han, adibidez. Eta horrelakoetan konturatzen zara espazio fisikoak duen garrantziaz. Landareak lurra behar du hazteko. Arteak, sorkuntzak eta elkarlanak baita ere.

Lurrak konkistatzeko garaiak amaitu ei dira, baina ez kulturarentzat. Kulturak lur berriak konkistatu behar ditu eta dituenak zaindu. Sortzailearen mundu bakartiak leku bat behar du, behegain bat zeinean ortozik ibili, zauritzeko arriskurik gabe. Etxe bat.

Aurrekoan Bilboko Pabellón 9n egoteko aukera izan nuen antzerkiaz disfrutatzen, eta argi ta garbi ikusi nuen zein garrantzitsua den leku bat izatea, lur zati bat, zeinean ametsak eraiki. Ametsak fisikoak bihurtu daitezkeela ikusi nuen eta kanpo base fisikotik amets gehiago sortzen jarraitu daitekeela.

Talka itxi dute, eta inoiz baino argiago ikusi dugu artearekin, kulturarekin, sorkuntzarekin talka egiten duen mundu batean bizi garela. Kulturari behar duen lekua eman behar zaio. Baita leku fisikoa ere. Lur bat zeinean erein. Lur bat zeinetik uzta jaso.