Duela gutxi beste esparru bateko kirolariek ingura-tzen gaituen egoera latzaz berba egin dute. Mendizaletasunetik idatzi dute Pou anaiek, Ikerrek eta Enekok. Pandemiak ekarritakoak beldur eta ezkortasun uholdea sortu du, eta betiko legez, gutxi dutenek gutxiago izango dute. Datozen hilabeteetan kaleratzeak, pobrezia, langabezia eta bestelako eragin kaltegarriak agertuz joango dira, gizartearen barruko kohesioak dar-dar egin arte.

Anaiek planteatzen dute gizarte eredua hau zaharkiturik dagoela, eta orain beste bide berriak esplora-tzeko aukera badugula. Gazteei buruz asko hitz egiten da aste hauetan, ardurarik gabeko jarrerak izaten dituztelako, baina baten batek pentsatu du gaurko gazteek egiten dutena nagusiek utzi dieten modelo sozial berbera dela?

Gizarte honek ez ditu osasungarriak diren ekimenak edota kirola promulgatzen. Gizarte honek dio: irabazi diru asko eta festaren gehiegikerietan xahutu ahalko duzu, eta zaldi baten sinboloa duen kotxe gorri bat erosi, bai eta hori gordetzeko sekulako etxetzarra ere. Dirua da gaurko jainkoa, eta dirua egonez gero ez dago krisialdi sozialik, ez eta larrialdi egoeran jarriko gaituen pandemiarik ere (goian aipaturiko futbolari horiek horixe adierazi dute argazkiokin).

Gaur egungo kirol nagusia mediokritatez bernizaturik dago, eta autokritika minimorik ere ez du egiten. Beste kirol batzuek balio garrantzitsuak zabaltzen dituzte baina horiek ez dira kontuan hartzen.