Oskarbia zen eguna, baina zeru hura hegazkin batek urratu zuen desorduetan. Enola Gay izena zeraman marrazturik kabinaren azpian, eta bere erraietan Little Boy izen friboloa zuen lehergailu hilgarria zegoen izkutaturik.

Goizeko 8:15etan, zehazturik zegoenez, lehergailu aireratu zuten. Grabitatearen erruz 43 segundoz erori zen ia hamar mila metrorik hiriaren gainera, seiehun metrotan energia nuklearraren aztikeriengatik eztanda ikaragarri sortu zuen arte.

Lehenbizi, argi itsugarri batek hartu zuen dena, gero haize gori bat hedatu zen hirian, eta ondoren, iluntasun urdinkarak suteak eta suteak sortu zituen. Leherketa gertatu zen puntuan ia 4.000 gradu sortu ziren. Etxe asko egurrezkoak ziren.

Une horretantxe triskantza, hondamendia, edo masakrea hitzak asmatu zituzten lexikologoek, agian ezinezkoa baitzen ikusten zena deskribatu.

Egun bitan, milaka eta milaka hildako izan ziren. Egun bi horien ostean, makina bat hamarkadatan, bonba haien erruz milaka eta milaka gehiago hil ziren. Bizirik atera zirenak (hibakusha izena daramate Japonian) urteak eta urteak egon ziren isilik, hitzak sortzen diren unibertsoa kiskalirik eta laborriak ahoa josirik zituzten, ikusi zutena ezin azalduz, sentitu zutena barnetik ezin askatuz, oinazeak lehergailu haren tamainako korapiloa egin baitzien guztiei bihotz errearen ondoan.

Eta harrigarria da zein gutxi ikasten dugun gizakiok. Lazgarrikeriaren aurrean begirada apartatu egiten dugu. Gaur egun arma nuklearrak badaude oraindik, ez dira debekatu, eta ez dirudi horretarako borondaterik dagoenik.

Eta harrigarriena, Japoniako Gobernuak Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna ez du oraindik sinatu. Japoniak arma nuklearrik gabeko mundu bat nahi duela esan du, baina berak arma nuklearrak ditu.

Handik hona suntsitzaileagoak gara.