Garai honetan suteak sortzen dira nonahi, baina egia da ez ditugula albistegietan izaten. Aurreko urteetan eguneroko berri bilakatzen ziren, baina gaur egun beste protagonista bat dugu gure artean: Covid-19.

Euskal Herrian Angelun izan da bat, oso handia, gizakiaren eskuak probokatu duena. Aurreko egunetako bero saparen, eta alde izan duen haizearen ondorioz, su-garrak arin zabaldu eta etxe-multzo bateraino heldu ziren, eta horietariko batzuk kalteturik lotu ziren. Baina badirudi orain pandemiak piromanoak geldiarazi dituela, ezta?

Betiko legez, suteak dramak dira, eta handiak direnean, neurriz kanpokoak direnean areago, katastrofe handi bilakatzen dira, eta naturak berpizteko eta dena berdatzeko berezko energiak eta antidotoak dituen arren, gertatukoak sarraskia hedatzen du erretako eremuetan, bertako ekosistemak, batzuetan, betirako suntsituz.

Gomutan ditut duela hilabete dezente Australian gertatu ziren sute ikaragarri haiek, handik zetozen irudi lazgarriak, milaka animalia hilda, erreta beste mila, eta basoetako kilometroak eta kilometroak galduta, errauts bilakaturik. Bada, duela gutxi irakurri dut hondamendi itzel hartan mila milioi animalia baino gehiago hil zirela. Arin esaten den zifra da, baina ez zaigu ez buruan ez bihotzean kabitzen ere. Hainbat zientzialarik plazaratu duten txosten batean azaldu denez, 143 milioi ugaztun, 180 milioi hegazti, 51 milioi igel eta 2.500 milioi narrasti kaltetu ziren guztira. Datu horiek ikusita, argi dago geure garaiko historian basa-bizitzaren deskalabrurik txarrenetako bat izan dela.