2018an bere ahotik entzundakoak ditut gogoan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina jaso zuten Torrealdai, Intxausti, Azurmendi eta Agirrebaltzategik osatutako lantaldeak, hamarkada luzeetan pentsamenduan, argitalpengintzan, euskal kulturan eta euskara batuaren eremuan egindako lan eskergagatik. Eta Jakin-i buruz aritzean, Joan Marik nabarmendu zuen aldizkari irekia egitea izan zutela xede: "Jakin ez da izan pulpitu, ez katedra. Plaza izan da. Gogoetaren plaza eta lankidetzarako elkargunea". Euskara ardatz hartuta landu zuten funtzio hori: "Gure proposamen nagusia da herrigintzaren eraikuntzan". Eta, esan gabe doa, Torrealdai fidel izan zaiola ideia horri hauspotu dituen egitasmo guztietan.

Azpimargarria dirudit bere ibilbideak zekarren ikuspegi nazionala, pluraltasuna, kulturgintza politikaren autonomiatik egiteko obsesioa eta transmisioari emandako garrantzia, herritik jasotakoa herriari modu didaktiko eta, aldi berean, jasoan bueltatzekoa.

Bizi zen artean errekonozimenduak jasota joan da Torrealdai. Bizi zela esan ahal izan genion berak egindako lanak zer nolako garrantzia izan duen euskararentzako eta euskalgintzarako. Baina bera ere ez da joan agurrik esan gabe. Abian utzi ditu egitasmoak eta abian lantaldeak. Katea hautsi ez dadin. Ibaiak bere bidea egiten jarrai dezan, emaritsu.

Ondokoei dagokigu, orain, ibilbide horri heldu eta segida ematea, erakutsi zigun guztia baliatzea aniztasuna ereinez herrigintzan sakontzeko plazak irekitzen jarraitzekoa.

Ondokoei dagokigu, baita ere, Joan Mari bezalako euskal intelektual erreferenteei gizartean dagokien ikusgarritasuna eta lekua ematea. Eta, horretarako, badira oraindik mamitu ez diren proiektu adierazgarriak herri honetan, bere izenean egin eta bere izena eraman lezaketenak.