Baina, hauteskundeak amaitutakoan musukoa derrigortu zuten, eta handik hona, aurreikuspen guztien kontra, kutsatzeak ugaritu egin dira. Argi dago denak ez duela gaixotasunaren aurrean balio bera izaten, horrexegatik, hain berezkoa dugun giro zabal eta atseginkor horri ere limiteak ezarriko zaizkio berriz birusak bere boterea ez eskuratzeko eta loreen moduan pizten diren fokuak eteteko eta geldiarazteko.

Aste honetan bertan, Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak aisialdian izango diren muga berriak azaldu zituen, eta horren barruan tabernetara joateko grina horri ere ateak itxiko zaizkio. Ostalaritzak neurri berri horiek pairatu beharko ditu beste behin, aglomerazioak eta kontaktu fisiko hori galarazteko xedez. Ordutegi berriak ipiniko dira eta ordu txikietan bertan edaten ibiltzea saihestuko da. Bestelako ekitaldi publiko eta pribatuetan ere publikoaren presen-tzia kopuru mugatuan kontrolatuko da.

Atzerapausoa da, agian konfinamendu berrira pixkanaka eramango gaituena. Dena kontrolpean dagoela esaten duten arren, pandemia berriz hasi da in crescendo, eta egonkortasuna apurtu da.

Egia da epidemia baten joaeraren barruko aktibitate tipikoa omen dela, eta horrexegatik, inguruko herrialdeetan antzeko kasu datuak badituzte, baina badakizue, askoren mina, zoroen atsegina.

Beraz, normaltasun berri hark, espazio guztiak konkistatu behar zituenak, sasoi honetan aplikatu beharko genukeenak mantsotu egin du bere abiadura, birusak bere hortzak erakutsi baitu berriz.