Eta azkenik, politiko (horrela izendatuko ditugu?) batzuek kiratsa baino ez dute hedatu zapaldu duten herri guztietan. Egin dituzten ekitaldi guztiak erabat erdeinagarriak izan dira, esan eta berariaz probokatu dutenarengatik.

Hiru letra dituen Espainiako talde bat (ezin esan talde politikoa denik, politika egitea zer den ez dakitelako) Euskal Herriko hainbat herri bisitatu ditu, eta biktimismotik tiraka, boto kopurua gehitu nahi izan du. Harriturik gelditu naiz, nola eman dakieken horiei gorrotoz beteriko agerraldi horiek egiteko baimena.

Hona burutu dituzten sasi-mitin guztietan ahotsa altxatu dute feminismoaren, etorkinen, euskararen, eta bertoko euskaldunen kontra. Ez dakit non izan zen, Gasteizen, edota Barakaldon agian, baina bideo batean emakume bat oihuka ikusi nuen, "esto es España, cachorros de ETA" esaten. Eta dirudienez, Bilbon egindako ekitaldi batean, jendilaje horrek Euskaltzaindia, Emakunde eta ETB1 ixtea proposatu zuen. Astakeria handiagorik ezin esan daitekeen! Ezjakinak eta eskolagabe galantak dira, maltzurrak eta desorekatzaileak.

Ultraeskuineko horiek hau Espainia dela obligazioz esatera etortzen baldin badira hona, horrek esan nahi du zalantzan dutela geografia zati eder eta ikoniko hau. Erabat seguru daude herri honetako eta inguruko jende guztia lurralde hau Espainia ez delako ideiaz konbentzituta bagaudela. Eta arrazoiak soberan ditugulako asko kostatuko zaie ideia hori aldaraztea. Asko.