Filosofiaren funtsa galderak egitea ote den galdetu diot eta erantzun dit filosofiaren funtsa, neurri handi batean, galdera onak egitea dela. Eta uste dut agian horregatik ari dela mundua gero eta gehiago estutzen, husten, pobretzen; horregatik agian ez dira garai onak ez filosofiarentzat, ezta poesiarentzat. Erantzunak antsietatez bilatzen dituen mundu batean bizi garelako, gizarte honek ez duelako sentitu nahi galdera berriek sortzen duten deserosotasuna. Erantzunak nahi ditugu, soluzioak (azkarrak, gainera), eta egarriz itxaroten ditugu jarraibideak (argiak nahi ditugu, jakina). Ez dugu gure erosotasun-eremutik aterako gaituen galderarik egin nahi geure buruari. Ez dugu zalantzan jarri nahi gure gizarte eredua, ez gure balioak, ezta belaunaldiz belaunaldi akats berberak errepikatzera bultzatu gaituzten tradizio eta inertzia batzuk. Galderak egitea da gure ziurtasunetan arakatzea eta ziurgabetasunak aurki-tzea. Horregatik ez da beri erosoa galdera berriak egitea. Baina galderarik ez egiteak etengabe errotonda berdinari bueltaka ibiltzera kondenatzen gaitu.

Galderak egitea (galdera onak egitea) harrizko horma zahar batean zulo bat egitea da eta handik argia nola sartzen den ikustea, ordura arte ikusi ez dugun argi bat. Galdera onek begi aurreko panorama zabaltzen digute, gauzak beste modu batera eta beste ikuspegi batetik ikustera eramaten gaituzte.

Horregatik uste dut haurrei erantzunak bilatzen irakatsi aurretik, galderak egiten irakatsi behar diegula. Dena zalantzan jartzera animatu. Ezin diogulako galdetzeari utzi. Zeren eta egon gaitezke eroso bizkarra harrizko horman jarrita eguzkia hartzen, baina galderarik eduki ezean, inoiz ez dugu jakingo zer dagoen hormaren beste aldean.