Bada, orain bestelako aireak entzun ahalko dira proiektu eder bati esker: Urmuga. Datorren astean abiatuko da ekimena eta abuztuaren 1era arte luzatuko da. Baina zer da Urmuga? Euskal Herri osoa zeharkatuko duen mendi ibilaldi musikatua da. Bai, musika entzun ahalko da mendian bertan. Lerro bat marraztu dute Euskal Herrian ekialdetik mendebaldera egingo duena, Urduñatik Izabaraino, Angulo mendatetik Hiru Erregeen Mahairaino, eta marra horren inguruko herrietan eta mendi gailurretan musika emanaldi ikusgarriak programatuko dira, bertatik iragaten ororentzat. Izan ere, edozein mendizalek aukera izango du Urmuga osotasunean burutzeko edo zeharkaldiaren zatiren bat egiteko ere, bai eta mendi kontzertuez gozatzeko ere.

Urmugaren atzetik Felipe Uriarte dago, duela 40 urte Everesteko euskal espedizioan parte hartu zuen mendizale inkonbustible eta langilea. Bera da eragilea, ilusio hori praktikara eraman duena. Proiektuan Euskal Herriko musikari ezagunek hartuko dute parte, horiek eskainiko baitituzte kontzertu xelebreak. Et Incarnatus Orkestra izango da oinarrizko taldea, eta horiekin batera bertoko zein atzerriko hainbat musika interprete eta kantari esanguratsu arituko dira, tartean, Niko Etxart, Xendarineko Ahizpak, Eltzegor, Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta, Josu eta Gari, Maddi Oihenart, Euskal Barrokensemble, Igor Elortza eta Unai Iturriaga, eta abar.

Datorren astean hasiko den ekimenaren nondik norakoa, hemen: "Ertz luze batek zeharkatzen du Euskal Herria mendebaletik ekialdera, eta Kantauri eta Mediterraneo itsasoetara banatzen ditu urak. Gailurrik gailur, errekaz erreka, zuhaitzez zuhaitz, Urmuga jostura luze bat da gure geografian eta gure herri izaeran. Ertz eder honetan musika imajinatzen hasi ginen".