Zirrikituetatik begira

Kanpaiak eta w.a.

05.07.2020 | 00:14
Kanpaiak eta w.a.

KANPAIAK jarri dut gauden egunotan egonik ia denok kanpainak irakurri duzuen arren. Astebete barru hautestontzietara deituak gaude eta egoerak eraginez berezia, ezberdina, kuriosoa izan arren hor dirau, gaurko igande hau behar luke izan bizi eta sutsuena eta hurrengoan jada gure boza emateko hitzordua. Baina kanpaiez jardun nahi dut gero eta entzuteko abagune urriagoak izan arren, haien ataza beste bide batzuk betetzen dutelako.

Baserri giroan eta gure garaietan sortu eta hazi ginenok hondar pila bat behar genuke kanpaiaren inguruan. Bizi nintzan Atxurin pittean pittean entzuten zan kanpaia, batetik San Pedro elizakoa egunero Abemarittekoak (Anjelus) abisatzeko eguardian eta iluntzian; ez alferrik, soroan lanean zenbiltzala hiru abemari jakulatoria eta guzti errezatzeko dena uzten zutelako eta gero ekin, familiak ezagutu nituelako. Bestalde, ondotxu zekian nire amak gaztetan iluntziko horiek jo orduko etxean egon behar zuela bestela agirika edarra jasoko. Mezatarako deiak ere hiru ziran eta ezberdinak ordu laurden bakoitzean.

San Martin ermitatik entzuten zirenak hurbilagoak ziran, senidetasuna zuten. Guk doi doi ikasi genituen arren, etxeko nagusiek ba zekiten etxeren batek sua hartzen zuenen nolakoak ziren, norbait jaiotzen zenean bestelakoa, kofradiko edo hermandadeko bileretara deitzekoak halakoak eta abar. Arreta gehien ematen zidatenak hil-kanpaiak ziren, hauek ere ezberdinak zirelako ume edo nagusia zenean zendua eta ongi bereiztuz baita gizon eta emakumezkoa. Nola gogoratzen ez dudan arren, elizkizunak noiz ziren ere jakiten zuten gurasoek hots haiengandik. Handik hogeitazak urteak igaro eta nire ortugintza lan jardunak Iturbaltza auzora eraman ninduenean eta Madaleneko kofradiko maiorazgoa urte baterako jaso, eskrituretan jarri zidaten inor iltzen bazen auzoan, ermitaurik ez zegoenez, neronek joan behar zuela hil-kanpai horiek jotzen. Lekutan garai haiek! Egun, ordea, ez da kanpai hotsik eta martitzen goizean, WhatsApp-a ireki eta: "Mikel Enzunza zendu da, pena handia" irakurri nuen. Goian beude Mikel!

Más información