Esaldi horren harira, gainera, sinetsarazi nahi zaigu historia errepikatzearen errepikatzez neutroa dela, eta historiaren berrirakurketa egin nahi dutenek zorioneko zuzentasun politikoaren izenean egin nahi dutela, alegia, orain arteko historia eta baloreak zentsuratuz, inor minduko ez duen ideologia ezarriz. Hori argudiatzen dutenei ahaztu egiten zaie azpimarratzea historiaren ibilbidea ez dela izan aingerutxo saldo batek diseinaturiko prozesua, baizik eta bortxa, zapaltze, hiltze, debekatzeetan oinarrituriko prozesua, eta zuzentasuna politikoak, batzuetan oker, konforme, balore horien birsignifikatzea bilatzen duela.

William Colston enpresari esklabistaren estatua Bristoleko uretara botatzea, Colonenari, Bostonen egin bezala, lepoa moztea, Leopoldo IIarena Bruselako plazetatik kenaraztea historia galtzaileek idazteko ahalegina baino ez da, historiaren esanahia berrezartzeko ahalegin hutsala, historiaren alde materiala ez baita inoiz itzuliko: bertan geldituko dira Colstonek Bristoleko hiriari egindako onurak, erietxeak, eraikinak; bertan geldituko dira Sevillako aberastasunak eta Elorrioko jauregiak eta bertan Bruselako Justizia Jauregia.

Historia ezin da aldatu, baina historiaren irakurketa bai. Estatuak botatzea gure garaietako gertakari historikoa da. Geldi daitezela beraz Bostoneko Colon bururik gabe, William Colstonen estatua uretara bidean, Leopoldo IIarena Bruselako plazarik txiki, ziztrin eta emigrante beltz gehien dituenean. Egin diezaietela pixa. Historia berridazteko ahalegina da. Alferrikakoa, beharbada, baina egin beharrekoa.