Batzuek telebista eremu publikotik esku pribatuetara pasatzeaz dihardute, besteek, kanal bakarra uzteaz eta, aukeratua, euskarazko kanala izan dadila proposatuz. Nik ere el Conquis ETB1en ikusteaz amets egiten dut, baina badakigu gauzak ez direla hain errazak.

Ideia bat bururatu zait, ordea, eta zera da: Euskaraldiarekin bultzatu nahi den hizkuntza eta plaza eredua aplikatzea ETBri ere. Gizartearen beraren ispilu izan dadin. Zergatik ez dugu izango telebista kanal bakarra eta bertan, bi hizkun-tzatan "batera" arituko? Zergatik ez dira El Conquis-eko partaideak euskaraz eta gaztelaniaz arituko (batzuk ahobizi eta besteak belarriprest?). Zergatik debateetan ez dute euskaradunek eta gaztelaniaz aritzen direnek bakoitzak bere hizkuntzan jardungo? Zergatik albistegietan ez dira albiste batzuk euskaraz eta besteak gaztelaniaz emango? Belarria ohitzeko balioko luke, bi hizkuntzen arteko bizikidetza normalizatzeko, eta funtzionatuko duten programen aldeko apustu egitea suposatuko luke hizkuntzaren erabilera diskriminatu gabe€

Proba egitea ez da hain zaila: gaurko ETB2n gaztelaniaz ondo baino hobeto funtzionatzen duten programa bat edo beste hartu eta txertatu beraietan %50ean euskaraz jardungo dutenak. Ea zer gertatzen den.

Apusturik egin gabe, ez dago aurrera egiterik; are gutxiago, irabazterik.