Eta, une batez, hamar urteko neskato batek izan dezakeen munduaren irudiari buruz pentsatzen hasten naiz, eta nola irudi hori moldatzen doan bere gurasoei entzuten diena, telebistan ikusten duena, youtuberren bati entzuten dionaren arabera€ Pentsatu dut batzuetan haien aurrean hitz egiten dugula eta ez garela konturatzen entzuten dutenak eta egiten dugunak zelako eragina duen haiengan hain justu orain, munduaren irudi bat eraikitzeko prozesuan daudenean.

Familiekin gertatzen da autoekin, oinezkoekin eta bizikletekin gertatzen den gauza bera. Autoz, bizikletaz edo oinez ibili, horrek baldintzatzen du gure iritzia bizikleta-erreiaren inguruan, errepide bat estutzeko hartutako erabakiaren inguruan, zebrabideen egokitasunaren inguruan... Familietan berdin gertatzen da. Aita enpresari garrantzitsua duen neskato bati, adibidez, Kataluinako Nissanen ateetan neumatikoak erretzen dituzten langileak oso jende arriskutsua irudituko zaizkio; lanetik bota berri duten ama eta langabezian dagoen aita dituen mutikoaren-tzat, berriz, familia aberatsak dira benetan arriskutsuak, gastatu dezaketena baino diru gehiago pilatzen baitute, bere familian gosez hiltzen ari den bitartean. Ulertezina egiten zaio.

Ama, baina zergatik ez ditu beltzak bakean uzten? Bera horia da eta!, tematu da nire alaba. Eta nik ez dakit zer esan. Zer esan behar diot ba? Hitz biribilez erantzungo diodala espero du, on eta txarren azalpena nahi du nigandik, munduaz duen ikuspegia ordenatu eta finkatzeko beharra du eta. Baina pentsatu dut adin honetan hobe dela umeei galderak egitea erantzun itxiak ematea baino. Eta galdetu diot: Ziur zaude horia dela? Pantailara begiratu du berriro, eta Trumpen beltzaran kolore artifiziala ikusita, erantzun dit: tira, laranja samarra ere bada.