Badakizue, noski, kalera jaitsi eta, dotore-ustez, abarketak jantzita kasinora joan nahi izan zuen baserritarrena. "Oinetako horiek ez dira egokiak hemen sar-tzeko", esan dio atezainak. Eta baserritarrak erantzun, sano-sano: "Hainbesteko lokatza al daukazue, ala?".Lokatzetarako oinetakoak asko aldatu dira. Orain larru fin eta mutur zorroztun zapata italiar garestiak erabiltzen ditu zenbaitek. Edo takoi mehe luzedunak. Azken mota horretakoekin igotzen da pulpitura Cayetana Álvarez de Toledo y Peralta-Ramos, Casa Fuerteko XIII. markesa. Espainiar, Frantziar eta Argentinar nazionalitateak ditu. Ongi hezia da. Ezagun du, porlos.

Davosko Foroak izendapen bitxi bat egin zion 2008an, "lider gazte global" hautatu zuen, honako irizpideak oinarri: "Bere lorpen profesionalak, gizartearekiko konpromisoa eta munduaren etorkizuna urra-tzen laguntzeko erakutsitako gaitasuna". Gizartearekiko konpromisoa, alajaina. Eta munduaren etorkizuna hobetzen lagun-tzeko dohainak. Lider handi baten ezaugarriak, inolaz ere.

Gaitasun handia gauza ederra da, xede egokietarako erabiltzen delarik. Cayetanak, baina, bizikidetzari su ematen dio mikroaz jabetzen den bakoitzean. Irainen eta delituen arteko marra mehea neurtzen espezializatu da, ukitzeraino hurbildu baina ez zapaltzen saiatu. Eta tarteka zapalduta ere, ezta gauza larria. Eztabaida zenbat eta gehiago zabartu, orduan eta gusturago. Txerramak baino gehiago gozatzen du lokatzetan.

Agerraldi horiek prestatzeko bileretan irudika-tzen ditut Pablo Casado eta biak, aholkulari zorrotzen baten laguntzaz. Lerroburu bat nola lortuko; aurkari politikoa bere onetik nola aterako; giroa nola ozpinduko; eztabaida zibilizatuari nondik su emango. Ez dira irristadak, ez dira kontrola galtzeko joera daukan norbaiten aldian behingo purrustadak. Lokatza eta sua helburu, dena horretara bideraten du Cayetanak, eztabaidaren kalitatea bere ustezko prestakuntzaren oinpera jaitsiko badu ere. Laster erreko da bera.