Ados dagoela erantzun dio Ainhoak, baina, bere kasuan, irakasgai nagusia beste bat izan dela, hau ere laguntasunarekin harremanetan badago ere. Ainhoa bakarrik bizi da, eta ordu asko egin behar izan ditu azken hilabeteetan bakardadean. Hasieran bakardade horrek beldurra eman ziola aitortu dio Mireni, baina gero, poliki-poliki, zerbait gertatu zaiola, bilakaera moduko bat. Egunetik egunera, bere buruarekin adiskidetzen joan dela esan dio. Lagun berri bati bezala, zer gustatzen zaion eta zer ez galdetu diola bere buruari, zer nolakoa izan den bere iragana, ze gustatuko litzaiokeen etorkizunera begira€ Sekulako hizketaldiak izan ditugu, aitortu du, eta badakizu? Nire buruaren lagun egin naiz. Lagun berri bat egin dudala sentitzen dut, esan dio, pozik.

Norberarekin adiskidetzea besteen benetako lagun izateko beharrezko pausua dela erantzun dio Mirenek. Norberaren lagun izan ezean, zaila dela besteekin ere harreman on bat izatea. Bere burua maite ez duenak nekez maite dezakeela inor, eta arriskutsua bihurtzen dela askotan besteentzako, bere buruaz gustatzen ez zaizkion guztiak besteengan ikusten hasten delako. Bere gaitz guztiak aurpegiratzen dizkie besteei.

Bi hilabetez elkar ikusi gabe, terrazan hartu duten zerbezak bete-beteta utzi ditu bi lagunak. Ez alkoholez, ez karbonikoz, adiskidetasun zintzoek ematen duten bakeaz baizik.