Patari horiek dituzten beldur genetikoak baretu eta uxatu ditu eurentzat hain apokaliptikoa izan ez den egoera arraro horrek. Eta hala, naturako bizilagunak ikusi ditugu bide bazterretan, herri txikietako kaleetan, edota hiri nagusietako periferietako tokietan. Zedarritzen dituen mundu horren mugetatik kanpoko paisaia zertan den deskubritzeko kuriositatea eta adorea bildu dituzte, eta horren ondorioz, euren lurraldea eta erreinua handitu egin dute gizakion legeari jaramon egin barik. Alabaina, soseguzko garai horrek ez du asko iraungo. Ehiztariek berriz ehizatzeko eta basoko animaliak akabatzeko baimena eskuratu dute, mendizaleek baino lehenago, gainera. Egoera sinestezina izan da. Arma batekin joan ahal zara basora edota landara animaliak hiltzera, baina prismatikoak hartuta edota mendiko botak jantzita, ezin zara basoan barneratu.

Diodan moduan, zorionez ordutegi estuegi horien amaiera etorri da, eta hemendik aurrera larretara eta mendietara joan ahal izango gara bertako lasaitasunaz gozatzera. Eta ez gara goiko parajeetara abiatzen garen bakarrak izango. Urteroko ohiturari jarraituz, eta aurten, COVID-19a dela-eta egokitutako kontrolak gauzatu ondoren, Urbasa edota Andiako larreetara makina bat abere bideratu dituzte baserritarrek.

Hemendik aurrera, geure mendiak eta aziendek osatzen duten argazki bukoliko hori berriz ikusiko dugu.