tasunakkeriak

Luis Aragones futbol entrenatzailea ez zen konplikazio handiko pertsona, azalpenak xinple eta garbi eman eta eskatzen zituen. Ibilbide oparoa izan zuen, futbolari zein entrena-tzaile gisa. Hark esana da: "Futbola oso kirol xinplea eta erraza da, horregatik du hainbesteko arrakasta".

Espainiako La Sexta telebista katean ohiko gonbidatua dute Miguel Angel Revilla, Kantabriako presidentea. Neuri demagogo merke bat irudi-tzen zait, aspertu egiten nau, baina bistan da gaitzeko menta duela, bestela ez lukete hain maiz eramango. Karisma deitzen duten dohain ezkutu hori izango da beharbada. Nire ustez, ordea, xinpletasuna da haren arrakastaren oinarri. Gauzak konplikaziorik gabe esaten ditu, motzenak ulertzeko moduan.

Badakit ez dela batere erraza koronabirusaren kudeaketa politiko eta teknikoa, inor ez zegoen horrelako zerbaiti aurre egiteko prestatuta. Are gaitzagoa da oposizioak, etika eta moral orori muzin eginik, errentagarritasun politikoa osasunaren gainetik jartzen duen herrialdeetan. Guri eragiten diguten gobernuei erreparatuta, hartutako erabaki asko eta asko dira eztabaidagarriak eta inor ez dago kritiketatik salbu, baina kudeaketa komunikatiboan atzeman ditut gabeziarik handienak. Informazioa borborka datorkigun garaiotan, aginte-guneetatik datorkigunak ahal bezain xinplea eta zehatza izan beharko luke. Bestela ere badugu aski nahasmen. Dena den, bada mezurik xinpleena harrapatzeko gai ez denik: "Bi metroko tarteari eutsi!".