MORRUZ irakurri nuen joan den astean albistea. 1954an Joxe Miguel de Barandiaranek aurkituriko Etxarri Aranazko Fagamendi izeneko monumentu megalitikoa baso-lanetan jarduten duen enpresa bateko langileek suntsitu egin zuten, indusketa-makina diplodoko horietariko batekin, zuhaitzak mozten, erauzten eta bilketan ari ziren bitartean.

Eta amorruz diot, horixe ari baita gertatzen mendixka askotan horrelako lan basatiak egiten dituztenean. Makinak sartu egiten dituzte zer arrasto utziko duten neurtu gabe, bertako ekosistemak zeintzuk ondorioak paratuko dituen aztertu gabe, paisaian zein inpaktu eta zauri sakon utziko dituzten jaramonik egin gabe.

Hala gelditzen da gero espazio hura, moztutako arbolen abar kraskatuak toki orotan barreiaturik, desolatutako basoaren lekuko bakarrak; eta xenda zaharrak hondaturik, lurrean egindako gurpil erraldoi horien marka sakonak, denborak nekez berdinduko dituenak. Gure mendietako paisaiak miresten eta gozatzen ditugunok ezin pairatuzko tristezia deskarga bat jasaten dugu mendi erasotara abiatzen garen bakoitzean.

Kasu horretan, ez da harri-meta megalitiko soil bat desegin, berarekin gaurdaino iritsi den historia bat ere bazegoen ondoan. Hori bezalako zenbat birrindu ote dituzten infernuko makina horiek!

Natura da geure altxorrik preziatuena; pandemia honekin argi ikusi da hori, eta halarik ere, triskantza etengabean aritzen gara, atarramendu ekonomikoa lortzeko helburu soilarekin. Pandemiak ere argi utzi du geure gobernarientzat zeintzuk diren xahutu beharreko pribilegioak: mezak eta tabernak. Eta euskalduna berezkoa duen mendizaletasuna? Non gelditzen da? Mendira joan ahal gara? Ez, mesedez, arriskutsua da.

Herrialde aurreratu batek egingo lukeen ez bezala, hemen, ekologia, naturarekiko harremana, eta espazio horietan burutzen ditugun zaletasunak edota kirolak sustatu beharrean bestelako paradisua eskaini nahi izan dute: terrazak eta tabernak. Horixe da populuak (gazteak barne) duen aisialdi bakarra.

Basoak arrasatu egiten ditugu, eta hirian botoak, mezak eta tabernak goratu.