UNELEAN aurrera zoazenean argi izpia ikuste soila pozerako arrazoia dela gauza jakina da. Alde maltzurrik ere izan litzateke argi hori aurrez datorren trenaren faroak ote diren alegia, baina zuzenarekin geratuko gara, tunelak azpitik zeharkatzen duen mendiaren beste aldetik sartzen den egun argiarena dela. Hilabete luzea da covid-19-ren satorbide sakon horretan sartu garenetik eta ez oraindik irteerako inongo argirik ikusten. Areago eta latzago, irten zuloa ikusiko bagenu ere mendi horren beste aldean zer aurkituko dugun, zerk itxaroten digun, da zer pentsa gehien ematen duena, kontagioak saihestu eta eriak sendotzetik harago, pandemia horrek dagoeneko pozoitu eta gaixotu duen mundu erdian.

Tartean, krisiak berak eta etxe barruan egon beharrak gure barren sakoneko sentipenak ateratzeko giroa nahiz ekimenak azaleratzeko une espeziala deritzot eta, beti eman ohi den bezala hoberenak eta txarrenak tartean. Lehenetatik, gizarte zerbitzuan jator jardun duten profesional guztietatik harago, edozein kolektibori, edo denei, laguntzeko prest azaldu diren boluntarioak edo arratsaldero leiho edo balkoietara txaloka kantuz, musikaz edo mila eratara haiei atxikimendua eta animoa ematen saiatzen direnak. Politikoak ere, oro har, lan eta ekimen positiboak egiten ari direla deritzot edozein kasutan borondate onenarekin behintzat. Alde negatiboan, maskara edo derrigorrezko diren babes tresnekin trapitxeoan ari direnak, bakuna edo botikekin horretan dabiltzala ez dudalako sinetsi ere egin nahi.

Geroaz, tunelaren beste aldekoaz, jardun dut arestian eta hemen ere bi joera nabarmenak azaldu daitezke zalantzarik gabe. Egun hauetan nabarmendu diren eskuzabal eta solidario guztiak bizi-tza arruntean joera hori mantentzen badute munduari zinez kolorea aldatuko diote neurri handi batean eta, zelan ez, holaxe izatea nahi nuke. Kasik ziur nagoen arren, maskarillari, guanteari, xaboiari eta beharrezko beste edozer gaiari usurazko salneurriak markatuz krisiari miseria gehi-tzen saiatuko direnak.