Zirrikituetatik begira

Egunak

17.04.2020 | 00:14
Egunak

UN día más es un día menos" leloa erabili dute hor nonbaiten hiritarrei egoera berezi honetan animoak emateko. Ez zait gustatzen. Covid-19ak eragindako egoera larri eta berezi honetatik irteteko egun bat gutxiago geratzen zaigula azpimarratu nahi da, jendeak halako arintasuna sentitu dezan, baina bizitza infinitutzat jotzen duen baten batek bururatutakoa izan behar du derrigorrez. Egun bat gutxiago zertarako? Barkatuko didazue konfinamendu egun hauetan geratzen zaizkizuen esperantzak zapuztera baldin banator, baina erantzun ziur bakarra dago: egun bat gutxiago gure herio-tzaren egunerako. Beraz, ez zait gustatzen. Ezkorra iruditzen zait. Bizitzen ari garen egun berezi hauetako larritasuna, urduritasuna, arriskua bakarrik hartzen ditu kontutan, beste ezertarako lekurik ez balego bezala, ez hausnartzeko, ez seme-alabekin egoteko, ez irakurtzeko, ez auzokideak hobeto ezagutzeko€.

Ni ere nazkatuta eta neka eginda nago, eta beldur naiz, baina ez dut nahi nire egunak ahalik eta azkarren pasatzea. Egoera honek ahalik eta egun gutxiago har ditzan nahi dut, noski, baina ez ditut nire egunak oharkabean igarotzerik nahi. Ez dut nahi nire bizitza abiadura bizian pasatzen ikusi nahi. Egun hauek ere nire bizitza dira eta.

Beti egin zait deigarria batzuek egutegiko zenbakiak ixa batekin ezabatzen joateko duten ohitura. Norbaitek egutegiko egunak ezabatzen dituela ikusten dudanean, pentsatzen dut egun horietan guztietan gertatu zaiona, ona eta txarra, bere memoriatik ezabatu nahi duela; egunak ez dituela bizitzeko espazio eta denbora gisa ulertzen, norabait iristeko ezinbestean igo behar diren maila gisa baizik. Nora baina?

Egutegian uzten duten markagatik esan daiteke batzuk amorruz ezabatzen dituztela egunak. Azkenik, pasatu da, pentsatzen bezala. Egoera hau ere pasatuko da, eta atzean utziko ditugu gure bizitzako hainbat egun. Egun hauek gure oroimenean egutegian egindako tatxoi bat baino izan daitezke. Bete ditzagun bizitzaz, nahiz ta zaila izan, nahiz ta kokoteraino egon. Egun bat gehiago, beraz. Animo.

Más información