Norbaitek esan du, etxean konfinatuta gauden tarte hau, gure bizitzan hutsik geratuko den parentesi bat izango dela. Kontatuko ez duena. Amesgaiztorik gaiztoenaren pare gogoratuko duguna baina deus gutxi aurreratuko duguna.

Gehiengoak, denbora galtzen ari den sentsazioa du. Denborarekin zer egin ez dakiela.

Baina badago beste errealitaterik ere.

Egunotan, aita batek, gure seme-alabek elkarrekin musika jo zuteneko bideo bat bidali ditwhasapez. Urtetxoak ditu bideoak. Neska-mutilak txiki-txikiak ikusten baitira. Dibortziatu zenetik, emazte ohiak bidali zizkion bideo-zintak kaxoi batean utzita zituela aitortu dit, ireki gabe. Bidali didan bideoarekin batera, ondoko iruzkina: "Entzunaldi honetan ez nintzen egon". Harridura ikurrak jarri dizkit ondoren, "zertan jardungo ote nuen orduan" esanez bezala. Orain, iraganean galdutako denbora berreskuratzen ari dela adierazi dit, ondoren.

Beste aita batek, gure alabek parte hartu zuten kirol txapelketa bateko bideoa bidali dit. "Zelako txikiak ziren orduan eta zelako emakumeak egin zaizkigun" iruzkina erantsiz. Aita honek ere, harriduraz aitortzen zidan, denbora behar dela iragana ordenatzeko. Eta ez zen bideo zintak ordenatzeaz ari, bizitzaren ibilbideaz eta hartutako erabakiez baizik.

Denbora izatea da munduan izan dezakegun altxorrik handiena. Normalean, "egin beharrekoetan" xahutzen baitugu, ezinbestean. Aurrera begira eroan, atzean uzten dugunaz kargu hartu gabe.

Orain, ostera, iraganean izan ez genuen edo erabili ez genuen denbora hura berreskuratzeko aukera daukagu. Kargu hartu dezakegu. Probetxua ateratzen saia gaitezen, bada.