dUELA hamar bat urte Zigortzaileak liburua eta filmaren aitzakiaz ezagutu nuen Arantza Ibarra ondarrutar ekintzailea; kalifikatibo hau eta ez besterik merezi duelako, aurtengo Zinegoan, arrakastaz editatu eta estreinatu duen Mi pequeño gran samurai-ren egile eta zuzendariak. Euskal kulturaren ekintzalea diot 2.006.ean jadanik Basotxo sailean liburuxkak editatzen hasi zelako, besteak beste, eta 2016.rarte haur literaturako hainbat lan. Arestian aipatu dudan Zigortzaileak filmak egin zuen, dena den, hain zaila den zeluloidearen munduan ikusgai edo ikusgarri. 2010. urtean saio bat eman zioten Donostiako Zinemaldian eta, horrez gain, urte berean Gijón eta Cuencako festibaletan ere aurkeztu zuten. Urtebete geroago Bangladesh eta Pragan aurkeztua eta saritua izan zen eta 2011. horretan Argentina eta Espainian pantailaratzeko gaztelerazko bertsioa egin zuen Los castigadores izenburuaz.

Arrakastaz harago, ondarrutar gazteak filma horretan jorratzen duen gaiak liluratu ninduen batipat, oraindik bizirik dirauen bulling arazo larrian oinarriturik, Arantzak eskola hartan taldetxo bat antolatzen duelako erasotzaileak zigortzeko eta drama latzari une batzuetan izkin eginez, filma alai bezain garratz eta salatzailea osatuz. Hura ezagutuz gain, lan hau ikusirik ohartu nintzen Ibarraren joera eta jarrerarekin, erabat gizarteko gutxietsien aldekoa zela, hain zuzen. Hortik lilura.

Aurtengo Zinegoan publikoaren sari berezia merezi izan duen Mi pequeño gran samurai ere ildo beretik doa. Tamalezko oso ezaguna egin zen Ekai Lersundi Ondarruko gazteak bere buruaz beste egin zuela, bere transformatzeko terapiarako behar zuen ordezkatze hormonalerako botikak ukatzen edo atzeratzen zizkiotelako behin eta berriz. Bere buruaren, soinaren, bihotzaren eta arimaren nahia betetzeko ezin izan zuen gehiago itxaron. Omenaldi ederra Arantza Ibarrak egin diona, beronen hitzetan: "Filmak lagun bakar bati laguntzeko balio balu, lanak merezi duela pentsatuko dut" Esaldi honetan ere bada burua, bihotza eta arima. Bejon deizula Arantza!